Sexu erasoak saihesteko lan egingo dute adingabeek

Itsaso Estarrona 2016ko ots. 24a, 13:30
Mikel Uralde

Lagundu gabeko bi adingabe atzerritarrek egindako eraso matxistak salatu dituzte Gasteizko Bideberria zentroko lagundu gabeko adingabe atzerritarrek.

Begirada akusatzailea sentitu zuten bere gain Gasteizko Bideberria zentroko lagundu gabeko adingabe atzerritarrek, bertako bi mutil aljeriarrek inauterietan bi neskari sexu-erasoa egin zietela jakin zenean. Orokortze arriskutsuei aurre egiteko, gutun bat idatzi berri dute, erasoak salatu eta horiek saihesteko lan egiteko prest daudela iragartzeko.

15 adingabek sinatuta, astelehenean igorri zioten idatzia Arabako Aldundiko Adingabeen eta Familien saileko arduradunei. Bertan, sexu erasoak "oso gauza larria" direla adierazi dute, eta erasoen ardura bi mutilena dela berretsi dute, ez ordea adingabe migratzaile guztiena: "Gertatutakoa ez da Bideberriako gazte guztien errua", azpimarratu dute.

Erasoekin zerikusirik ez duten arren, haiek guztien aurka egindako adierazpenen aurrean (Javier Maroto alkate ohiarenak, kasu), "barkamena" eskatu dute gutunean, eta erasoak saihesteko lan egiteko prest daudela jakinarazi dute. Hain zuzen, egunotan Bideberriako hezitzaileekin hausnarketa saioak egin dituzte, sexu erasoak eta harreman ereduei buruz; bide horretan jarraitzeko asmoa iragarri dute: "Hau berriro gertatu ez dadin lan egin nahi dugu, Poliziarekin, familiarekin eta gasteiztarrekin; badakigu bertakoek beti laguntzen gaituztela, eta horregatik nahi dugu guk ere lagundu", adierazi dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide