Tangerrek Alaba-Eskibel jauregia osorik birgaitzeko konpromisoa hartu du

Erredakzioa 2016ko ots. 24a, 09:53

Errementari kaleko XV. mendeko eraikina osorik birgaitzeko proiektua idatziko duela adierazi du Tangerreko alkate Bachir Abdellaouik,  jauregiaren segurtasun eta bizigarritasun arazoak konpontzeko. Tangerreko udalaren jabetzakoa da jauregia.

 

Tanger hiriak aspalditik Gasteizko Udalarekin zuen 17.000 euroko zorra ordaindu du berriki, Alaba-Eskibel jauregian –Marokoko udal haren jabetzakoa baita– segurtasuna bermatzeko egin behar izan diren lanek eragindakoa, hain zuzen. Atzo ordezkaritza marokoar batek egindako bisitan, Tangerreko alkate Bachir Abdellaouik hitz eman zuen Errementari kaleko XV. mendeko eraikina osorik birgaitzeko proiektua idazteko aginduko duela,  jauregiaren segurtasun eta bizigarritasun arazoak konpontzeko, besteak beste, estalkia, fatxada eta hezetasunak.

Atzoko bilera, non Tangerreko beste ordezkari batzuk eta Marokok Bilbon duen kontsul orokor Kamal El Mahdaouik parte hartu zuten, Tanger eta Gasteizen arteko harremanak estutzeko balio izan du. “Denok adierazi dugu politika, gizarte, kultura eta merkataritza harremanak areagotzeko nahia. Izan ere, alor horietako eragile esanguratsuak hiri hartara gonbidatu dituzte asmo horren barruan”, erantsi du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek.

 500 urteko jauregia

Duela 500 urte baino gehiago eraiki zuten jauregia, 1488.urtean, eta Tovarreko duke Ignacio de Figueroa y Melgar izan zen azken jabea. 1953an seme-alabarik gabe zendu, eta Ipar Amerikako minbiziaren institutuari utzi zion herentzian; hark uko eginez gero, ordea, Tanger hiriarentzat izango zela zehaztu zuen testamentuan, eta halaxe gertatu zen  azkenean.

Espainiaren kolonia izan zen Tanger 1945era arte, eta, epe batez nazioarteko jabekidetza izan ondoren, Marokoren eskuetara pasa zen 1960an. Espainiako protektoratu izateak  estatuko jabetza ugari utzi zituen bere esku, horietako bat Alaba-Eskibel jauregia. Ardura ezak eraginda, aje ugari izan ditu azken urteetan eraikinak, eta Gasteizko Udalak hartu ditu bere gain konponketak. Orain arte gastatutako 17.000 euroak ordaindu dizkio orain Tangerrek; horrez gain, eraberritze lanetarako proiektua idatziko duela hitz eman du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide