207.839 euro Oihaneder Euskararen Etxea kudeatzeko

Erredakzioa 2016ko otsailaren 21a

Oihaneder Euskararen Etxea kudeatzeko eta bertan egiten diren jarduerak programatzeko bideratuko da dirua.

Udalak 207.839,28 euro inbertituko ditu Oihaneder Euskararen Etxea kudeatzeko eta bertan programazio erakargarri, euskaltzale eta kalitatekoa eskaini ahal izateko. Arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, musika, literatura, bertsolaritza, euskal dantzak edota arte plastikoak izango ditu espazio honek 2016 urtean, Gasteizko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak ostiralean Montehermoso kulturunean kultura-jarduerak euskaraz garatzeko programako kontratua esleitu ostean. Lazarraga Kultur Elkarteak aurkeztutako proposamena hautatu da, aurkeztutako bakarra. Diru-sail hau Oihaneder Euskararen Etxea kudeatzeko (langileen soldatak, kudeaketa gastuak...) eta bertan egiten diren jarduerak programatzeko bideratuko da.

“Kontratu honen bidez Oihaneder Euskararen Etxea bultzatu nahi dugu, gure hizkuntzaren normalizaziorako ardatz izan nahi baitu espazio honek. Lortu nahi den helburua euskal kultura sustatu, gure hizkuntzaren erabilera bultzatu, gizartera zabaldu, elkar ezagutzeko erreferentzi gune bat izan eta bai ikerkuntza eta sorkuntza bultzatzea dira”, esan du Gorka Urtaran alkateak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago