Gasteizek hiru etxebizitza jarri ditu Gurutze Gorriaren eskura, errefuxiatuei arreta emateko

Erredakzioa 2016ko ots. 22a, 11:22

Gehienez 14 pertsona hartu ahalko dituzte hiru etxebizitzetan. 

Gasteizek 21 Zabalgunea udal hirigintza sozietatearen hiru etxebizitza jarriko ditu Arabako Gurutze Gorriaren eskura, krisi humanitarioa dela eta Europara iristen diren errefuxiatuei, banakoak zein familiak, harrera eta arreta emateko. Gehienez 14 pertsona hartu ahalko dituzte hiru etxebizitzetan.

Horrela jasotzen da errefuxiatuak hartzeko Gasteizko udalerrian dagoen etxebizitza sozialen beharrari erantzuteko lankidetza-hitzarmenak, 21 Zabalguneko lehendakari Gorka Urtaranek eta Arabako Gurutze Gorriko lehendakari Estíbaliz Arnaizek sinatu zutena.

 21 Zabalguneak alokairu-kontratuaren bidez utziko dizkio etxebizitzak Arabako Gurutze Gorriari. hilean 250 euro ordaindu beharko ditu etxebizitza bakoitzeko.  Hitzarmenak 24 hilabete iraungo du, luzatzeko aukerarekin.

 Etxebizitzetan gehienez 9 hilabete egon daiteke

 Hasteko 6 hilabeterako hartuko dituzte errefuxiatuak etxebizitza horietan, eta epea 3 hilabete luzatu daiteke, horrela xedatzen baitu Gurutze Gorriak eta Euskadin harrera eta arreta lanak erakundeekin koordinatzen ari diren antzeko antolakundeek duten kontratu-ereduak.

 Beharrezkoa balitz, Gasteizek Alokabideren beste 6 etxebizitza eskaini lizkieke entitate horiei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide