Gasteizko Mercedes Benz enpresak hitzarmen kolektiborako lehen proposamena aurkeztu zien atzo langileei. Besteak beste, 10 orduko lanaldiak eta larunbata lanegun izatea dira proposatu dituen neurriak.
10 orduko lanaldiak astelehenetik larunbatera izango lirateke, goizeko eta arratsaldeko txandetan. Horren eraginez, urteko egutegiak hiru lanegun gehiago izango lituzke, guztira 217 lanegunetara helduz. Horrekin batera, larunbata lanegun izatea proposatu du enpresa alemaniarrak eta gainera, merkatuaren eskaeraren araberako txandak eta ordutegiak (5 ordutik 9ra joan daitezkeenak) uztartu nahi ditu.
Gaueko txandak ezartzeko aukera ere plazaratu du enpresak, hau da, igande gauean hasi eta ostiral arratsaldean amaitzen diren lan ereduak martxan jarri nahi ditu. Horrez gain, oporrak hartzeko epea maiatzetik urrira bitartean ezartzea proposatu du eta abuztuan 9 orduko lanaldia ezartzeko muga kendu nahi du.
Mercedesek proposatzen dituen beste neurrien artean honako hauek aurkitzen dira: antzinatasunaren kontzeptua ezabatzea, larunbatetan eta aktibatu daitezkeen egunetan lan egiteagatik gainsaria kentzea edo soldaten igoera enpresaren produktibitateari lotzea.
Aipatutako neurri hauek "VS20 modeloa ekoizteko egin duen inbertsioaren errentagarritasuna bermatzeko" hartu nahi dituela adierazi du enpresak.