San Martin auzotik Borinbizkarrara joateko bidea zabaltzeko eskatu dute bizilagunek

Erredakzioa 2016ko otsailaren 17a

Atzo, Balentin de Berriotxoa kaletik Pedro Asua kalerako bidean ezkerrera jotzeko bidea zabaldu zuen Udalak. Zabalgana Batuz elkarteak bide horren kontrako norabidea zabaltzeko eskatu du beste behin.

Gasteizko Udalak ezkerretara jotzeko bidea egokitu du Teodoro Dublang Margolariaren kalearen eta Pedro Asua kalearen arteko bidegurutzean. Hartara, Borinbizkarretik San Balentin Berriotxoa kalean barrena datozen gidariek Pedro Asua kalerantz jo ahalko dute zubiaren azpiko bidegurutzean.

Urtaranen gobernuak inguruko auzokoen iradokizunak entzun ondoren hartu du neurria eta nahikoa izan da galtzada margotzea.

Kontrako norabidea zabaltzeko eskaera

 Zabalgana Batuz auzo elkarteak, ordea, aspaldi egindako aldarrikapena egin du beste behin. Leku berean baina Teodoro Dublang kaletik Balentín de Berriotxoa kalera zubi azpitik pasatzeko aukera izatea da, hau da, San Martingo auzotik Borinbizkarrara joateko bidea zabalik izatea. "Bestela, zubia topo bezain pronto, Pedro Asua eta Adriano VI kaleen artean dagoen errotonda hartu behar da, berriro leku berdinera heltzeko", zehaztu dute elkartetik. Hala, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko eta auzokideen eskaera honi erantzuna emateko eskatu dute bizilagunek.

Izan ere, aldarrikapen hau ez da oraingoa, orain hiru urte mugikortasun arazo honi aurre egiteko eskatu zioten udalari. "Iazko azaroan obra egin zuten; bi norabideak zabaldu zituzten, baina soilik bizikletek, taxiek eta autobusek zuten bertatik pasatzeko aukera, kotxeek debekatuta zuten".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago