Txagorritxuko garbitzaileek greba mugagabea deitu dute hilaren 29tik aurrera

Erredakzioa 2016ko otsailaren 16a

Elkarretaratzeak ere egingo dituzte datozen asteetan. Ospitalea garbitzeko ardura duen Garbialdi enpresak hitzarmen kolektiboa betetzen ez duela salatu du enpresa batzordeak.

 Garbialdi Txagorritxu ospitaleko garbiketa kontrata duen enpresak mobilizazioak iragarri ditu datozen asteetarako. LAB, Somos Sindicalistas, ESK eta USO sindikatuek osatzen duten enpresa batzordeak hitzarmen kolektiboa beste behin ere ez dela betetzen ari salatu du, ”hau guztia Osakidetzaren onespenarekin”.

Horren aurrean, langileen gehiengoak adostu du hurrengo bi asteetan kontzentrazioak deitzea, baita hilaren 29tik aurrera greba mugagabea deitzea ere.

Garbiketa langileek salatu bezala, enpresak ez du bete 2012ko Paga Estra, Ezintasun Iragankorretako osagarriak, norberaren gauzetarako baimena eta antzinatasunaren lizentziei buruzko Auzitegi Gorenaren sententzia irmoa. Horrez gain, enpresak aurtengo lan egutegia negoziatzeko Batzordearekin biltzeari uko egin diotela azaldu du eta 2010.urtetik indarrean dagoen langileek akordioa ere ez duela bete gaineratu dute Garbialdi enpresako langileek.

Horrela, egoera hau salatzeko elkarretaratzeak egiten hasi dira gaur. Hurrengoak hilaren 18an, 22an eta 24an egingo dituzte. Azkenik, hilaren 29tik aurrera greba mugagabea deituko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago