Lluis Llach ez da Gasteizko seme kuttuna izango, PSEk ezezkoa eman ondoren

Erredakzioa 2016ko ots. 10a, 13:57
Juan Miguel Morales / www.lluisllach.com

PSEK ez du egokitzat hartzen jarduneko politiko bati halako aitorpen bat egitea. Errekonozimendua egin beharrean, Gasteizko Udalak harrera egingo dio musikari katalanari martxoaren 1ean.

Lluis Llach musikari katalana ez da Gasteizko seme kuttuna izango, PSEk ezezkoa eman ondoren. Aurreko urtarrilean Gasteizko gizarteko hainbat arloko pertsonek osatutako hiri ekimen batek Llachi aitorpen bat egiteko eskatu zion Gorka Urtaran alkateari, Campanas a morts requiem-aren egileari eskerrak emateko eta gure herriarekiko izan zuen elkartasuna aitortzeko. Orduan erabaki zen errekonozimendu hori hiriko seme kuttuna izendatzea izan zitekeela.

Hasiera batetik, PP udal taldea proposamenaren kontra agertu zen. Gaur jakinarazi denez, PSE udal taldeak ere ez du aitorpenaren alde egingo. “Llachen lan artistikoa baloratzen dugu eta Martxoaren 3ko gertaera latzei obra bat dedikatu izana eskertzen diogu, baina gure ustez, jarduneko politiko batek aitorpen hau jasotzea ez da zentzuduna, ezta egokia ere”, azaldu du PSE udal taldeko bozeramaile Peio Lopez de Munainek. Argitu duenez, proposamena egin zen Bozeramaileen Batzordea ospatu eta egun bat beranduago ezezkoa eman zion taldeak alkateari.

EH Bilduk, ordea, PSEren iritzi aldaketa “tamalgarri” bezala jo du. Bere esanetan, Bozeramaile Batzordean aldeko posizioa erakutsi zuen PSEk, baina “kanpo presioak direla eta berriz ere jokaldi lotsagarria egin du”. Horrez gain, merezimendu hau aurrera jarraitu dezan lan egiteko konpromisoa berretsi du EH Bilduk.

Gauzak horrela, gaia osoko bilkurara ez eramatea erabaki du alkateak eta errekonozimendua egin beharrean, harrera egingo dio Gasteizko Udalak Lluis Llach musikariari datorren martxoaren 1ean.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide