Martxoaren 3aren harira, egitarau zabala prestatu du Herri Ekintzak

Erredakzioa 2016ko ots. 8a, 16:25

Gasteizko herri mugimenduaren elkargunea da Herri Ekintza plataforma. Otsailaren 10etik martxoaren 5era, hitzaldiak, mahai inguruak, proiekzioak eta kontzertuak eskainiko ditu Gasteizko gune ezberdinetan.

 Herri Ekintza plataformak Martxoaren 3aren harira prestatu duen egitarau zabala aurkeztu du. Gasteizko herri mugimenduaren elkargunea den plataforma hau eragile zein norbanako ezberdinek osatzen dute eta 1976ko martxoaren 3an “erahil, zauritu eta modu batean edo bestean borroka hartan murgildu ziren langileei, oroimen historikotik, omenaldi apala eta zintzoa egitea”  du helburu.

 Aurten, 40.urteurrena ospatuko du Zaramagan jazo zen gertaera eta “tamalez baieztatu dezakegu, azken berrogei urte hauetan ez dela ezer aldatu”, azaldu dute Herri Ekintza plataformako kideek. Are gehiago, 76ko grebekin lorturiko lan eta gizarte hobekuntzek “atzerakada” jasan dutela gaineratu dute.

  Izan ere, 1976ko Martxoaren 3ko esentzia ideologikoa gaurko errealitatera ekarri nahi du plataforma honek, “borroka baten oroimenari, ezin baitzaio atzera begiratuta soilik eutsi. Orainean bizi gara, eta belaunaldi berriok etorkizuna sistema ezberdin batean eraikitzeko ardura dugu; berdintasuna eta elkartasuna oinarri dituen bidezko sisteman”.  

 Hau guztia lortzeko, egitarau zabala prestatu du otsailaren 10etik martxoaren 5era bitartean. Hitzaldiak, mahai inguruak, proiekzioak eta kontzertuak izango dira Gasteizko gune ezberdinetan, hala nola, Errekaleorreko gaztetxean, Arkillos 10 etxean, Adurtzako gizarte etxean edo Memoria Gunean.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide