Irakurzaletasuna sustatzeko jarduera anitz Udalaren Liburutegi Sarean

Erredakzioa 2016ko ots. 1a, 19:16

Lehiaketak, ipuin-kontalariak, magia, antzerkia eta idazleekin solasaldiak egingo dira maiatzera bitartean. Guztira 71 jarduera eskainiko ditu egitarauak, horien artean, Harkaitz Cano eta Mauro Entrialgoren hitzaldiak eta Nanoipuin lehiaketa.

 Udal Liburutegien Sareak irakurzaletasuna pizteko jarduera-programa jarriko du martxan otsailean.  Guztira 71 jarduera eskainiko ditu egitarauak, 27 euskaraz eta 44 gaztelaniaz, eta gizarte etxeetako liburutegietan haur, familia, gazte eta helduentzat eskainiko diren jarduerak biltzen ditu.

Haur eta familientzako jardueren artean, ipuin-kontalariak, antzerkia, txotxongiloak, magia, musika eta lantegiak topatuko ditugu, umeekin eta familiekin batera sorkuntza, jolasa, desberdinarekiko sentiberatasuna, mitologia eta tradizioa, eta ingurumenarekiko harmonia eta errespetua lantzeko, besteak beste.

Gazte eta helduentzako jarduerak ere izango dira datozen hilabeteotan. Esaterako, Gazteentzako Nanoipuin Lehiaketa, Twitterren eta Interneten bidez egingo dena.

Bestetik, euskal literatura ardatz duen Idazleekin solasean programaren edizio berriak topatuko ditugu egitarau berrian. Karmele Jaio idazle gasteiztarrak koordinatu eta dinamizatzen ditu topaketa hauek eta oraingoan, Gerardo Markuleta (martxoaren 9an) edo Harkaitz Cano (apirilaren 13an) izango dira gonbidatuak.

Salburua eta komikia

Salburuko liburutegiak komiki sail garrantzitsu eta zaindua du eta hori baliatuz bi jarduera antolatu dira. Batetik, Santiago García eta Javier Olivaresek, 2015ean Komikiaren sari nazionala lortu dutenak Las Meninas lanagatik, hasierako ideiatik komikia burutu arteko prozesua azalduko dute. Otsailaren 17an izango da. Horrekin batera, otsailaren 27an Mauro Entrialgo komikilari ospetsua izango da Salburuan.

 

Ikus ezazu Udal Liburutegi Sarearen EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide