'Bagoi politikoa eta soziala elkarrekin landu behar dira'

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2016ko urt. 29a, 19:41

'Gako politikoa da arlo soziala eta politikoa elkarrekin joan behar direla. Bi bagoi horiek ezinbestekoak dira trena martxan jartzeko'. Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakari ohiak Solasalean saioan adierazi du bere garaian ezin izan zutela tren hori martxan jarri eta une honetan zaila ikusten badu ere ezinbestekoa dela.

Ibarretxek zehaztu du EAJ eta haren hitzetan 'Herri Batasuna' elkarrekin lan egiteko beharra dagoela. 'Ezinezkoa da une honetan EAJ eta Batasuna elkarrekin gobernatzea baina bai posible da elkarlana egitea, akordatzeko oinarrizko auziak'. Ibarretxek nabarmendu du lehen aldiz historian lehen indarra direla EAJ eta Ezker Abertzalea EAEn eta Nafarroan eta 'oso inportantea' da. 'Ematen du erdi lotan gaudela baina gure nortasuna, nahia eta etorkizuna hor daude. Bagoiak lotu eta trena martxan jarri behar dugu'.

2001. urtean Ibarretxe Planarekin 'kanpamendu basea' jarri zutela adierazi du Ibarrretxek Anakoz Amenabar kazetaria eta Txema Ramirez de la Piscina kazetaria eta irakaslearekin izandako Solasalean saioan. Orduan mahaigainean jarri zuten erabakitzeko eskubidea autodeterminazio eskubidea lotuta zegoelako independentziarekin eta indarkeriarekin, eta nazioarte mailan kolonialismoarekin.'Beste kontzeptu hori atera genuen, erabakitzeko eskubidearena, ekiditeko lotura horiek eta argi uzteko erabakitzeko eskubidea ez dela independentziarekin lotuta egon behar'. EAEko lehendakari ohiaren esanetan erabakitzeko eskubidea 'ez da defenditzeko nazioa baizik eta demokrazia defendatzeko'.

 

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide