Lehen zonaldean sartzen dira Alde Zaharra, El Pilar, Gazalbide, Txagorritxu eta San Martin auzoetan bizi diren umeak. Bigarrenean Lakua-Arriaga, Lakuabizkarra, Abetxuko, Sansomendi eta Borinbizkarra eta Elejalde auzoak. Hirugarrenean Zabalgana, Armentia, Mariturri, Mendizorrotza, Adurtza, Unibertsitateak eta San Cristobal. Eta azkenik laugarren eremuan Zaramagatik eta Los Herranetik ekialdera geratzen diren auzoetako umeak kontutan hartzen dira.
Zonifikazioa 2014-2015 ikasturtean martxan jarri zen lehenbiziko aldiz eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren arabera ezarritako banaketak oso emaitza positiboak eman ditu. Une honetan arazo larrienak Zabalganan daude jaiotza tasa handia duen auzoa delako eta hezkuntza eskaintzak ez dio errealitateari behar bezala erreparatu
Hori da bederen Hazi eta Hezi plataformak salatu duena egunotan. Izan ere Borinbizkarrako eta Elejaldeko bizilagunek ez dute lehentasuna izango etxetik gertuen duten ikastetxean izena emateko, ezta Zabalgana LHIn ere. Plataformak adierazi duenez, sektore hauetako ikasleek etxetik urrunago dituzten zentroetan eman beharko dute izena. Hezkuntza sailak esan du zonifikazioa mantenduko dutela.
Sareen eta ereduen artean dauden aldeak oso agerikoak dira haur eta lehen hezkuntzan. 2014-2015 ikasturtean 34.739 ikasle matrikulatu ziren Arabako ikastetxeetan, gehienak sare publikoan (%60,29) . Ereduak begiratuta ikasleen %50,8k D ereduaren alde egin zuen, %37,8k B ereduaren alde eta gurasoen %5ek bakarrik aukeratu zuen A eredua umeak matrikulatzeko.
Aitzitik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikastetxe pribatuak gailentzen dira, diferentzia txikia bada ere. Iaz matrikulatu ziren 12.068 ikasletik 6.230ek itundutako zentroetan eman zuen izena (%51) eta sare publikoak 5.838 ikasle hartu zituen (%48). Ereduei begiratuta A eredua gutxienen hautua izaten jarraitzen du eta D ereduak biltzen ditu ikasle gehien (%47,1). B ereduan matrikulatu ziren %33.
Bestetik aste honetan bertan ikasle etorkinen matrikulazio datuen inguruko txostena publiko egin dute eta horren arabera kontzentrazio nabarmena dago sare publikoan eta ikastetxe jakin batzuetan. Haur eta lehen hezkuntzako Gasteizko 19 ikastetxeetan ikasle etorkinen kopurua %30etik gorakoa da eta lautan %80tik gorakoa. Itundutako ikastetxe bakarra dago talde horretan, beste guztiak zentro publikoak dira.
Zenbakien arabera azken zazpi urteetan sare pribatuaren eta publikoaren arteko aldea txikitu baino handitu egin da Araban. Ikastetxe publikoetan matrikulatzen da pribatuaren bikoitza, alegia 480 ikasle etorkin publikoan eta 236 pribatuan.