Odol ematea ezagutarazi eta sustatu nahi da gazteen artean

Erredakzioa 2016ko urt. 28a, 09:26

Gasteizko Udala eta Arabako Odol Emaileen Elkartea elkarlanean arituko dira informazio eta sentiberatze jardueretan.

Arabako Odol Emaileen Elkartearen lehendakari Pedro María Belakortuk eta Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen zinegotzi Jaione Aguirrek hitzarmen bat sinatu dute, informazio, kultura eta sentiberatze jarduerak antolatzeko.

Gasteizko Udala eta Arabako Odol Emaileen Elkartea elkarlanean arituko dira informazio eta sentiberatze jardueretan, odol ematea gasteiztarren artean ezagutarazi eta sustatzeko, bereziki 18 eta 40 urte arteko herritarren artean.

"Udalak elkarteari lagundu nahi dio ezagutarazteko ahaleginean, bereziki gazteengana iristeko. Hona hemen datu bat: bost minutuan behin norbaitek odolaren beharra du Euskadin. Funtsezkoa da herritarrak heztea. Historikoki, Gasteiz eredugarria izan da odola emateari dagokionez. Pertsona askok eman eta ematen dute odola musu truk, gaixoen eta zaurituen beharrak asetzeko", nabarmendu du Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen zinegotzi Jaione Aguirrek.

Zinegotziak eta elkartearen lehendakari Pedro María Belakortuk gaur sinatu duten hitzarmenak autobusetan zabalkundea egitea eta elkarteari marketin ekintzetan laguntzea aurreikusten du, besteak beste.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago