José Angel Cuerdak garapen lankidetzaren Ignacio Ellacuria saria jaso du

Erredakzioa 2016ko urtarrilaren 27a

"Haren ondarea bizirik dago eta handitzen jarraitzen du azaldutako konpromisoari eta emandako ereduari esker", adierazi zuen Iñigo Urkullu lehendakaria sari banaketan.

Jose Angel Cuerdak Garapen Lankidetzaren Ignacio Ellacuria saria jaso zuen atzo arratsaldean, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik. Aurten Cuerdari egokitu zaio saria, demokrazia-garaiko Gasteizko lehen alkateari (1979-1999) eta Euskadin garapen-jasangarriaren kontzeptua zabaldu zuen lehen pertsonetako bati.

Lehendakariaren hitzetan, Gasteizko Udala garapenerako lankidetzaren arloko jarduera instituzionalaren sinbolo bihurtu zuen Cuerdak. "Haren ondarea bizirik dago eta handitzen jarraitzen du azaldutako konpromisoari eta emandako ereduari esker", gaineratu zuen.

Saria Lankidetza Publikoaren Foroan banatu zioten, Gasteizko Europa jauregian.

Garapenerako lankidetzaren Ignacio Ellacuria saria Eusko Jaurlaritzak ematen du Lankidetzaren Euskal Agentzia-Elankidetzaren bidez. Euskadiko eta Euskaditik kanpoko erakundeek, kolektiboek eta pertsona indibidualek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokan eta pobrezia ezabatzeko borrokan egindako ekarpena aitortzea du helburu, euskal gizartea eta nazioarteko gizarte sentsibilizatze aldera.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago