Gasteizko aurrekontua onartu dute osoko bilkuran

Erredakzioa 2016ko urt. 26a, 15:46

Gasteizko Udaleko sei indar politikoetako bostek onartu dute aurtengo aurrekontua.

 

Gaurko osoko bilkuran  2016ko aurrekontua onartu du Gasteizko udalak. EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE, Sumando-Hemen Gaude eta Irabazi Gasteiz udal taldeek aldeko botoa eman dute, hau da, sei indar politikoetako bostek baietz esan dute; orotara dauden 27 zinegotzietatik 18k onetsi dute.

 

Santa Barbara plaza eraberritzea, “Bost Enparantza” proiektuaren barruan; Araneko bulebarra; urrezko auzoak birgaitzea; Zabalganeko gizarte etxea; tranbiaren luzapena, eta autobus azkarra (BRT) ezartzea dira besteak beste, gaur onartu den aurrekontuarekin gauzatuko diren proiektuak.

 

Guztira 348,3 milioi eurokoa da (hasieran aurreikusitakoa baino 5,3 milioi gehiago); bost udal talderen artean adostutako zuzenketei 11,5 milioi euro dagozkie. Zuzenketa horiek finantzatzeko baliabide ekonomiko osagarriak bide hauetatik lortu dira: Olarizuko parkeko desjabetzeekin lotutako epaiak eta horien interesak, beste epai bati dagokion kopurua zatikatzea, instalazio eta obren gaineko zergagatik diru-sarrera handiagoak lortzea, Udalak AMVISArekin duen zor historikoa atzeratzea, GILSA sozietatearekin aurreikusitako zenbait eragiketa, EJZren estatuko eta probintziako kuoten partaidetza, Udalak 21 Zabalguneari ematen dion ekarpena gutxitzea, eta beste aurrekontu-partida batzuk birbanatzea.

Behin osoko bilkuran onetsi ondoren, 2016ko aurrekontua ALHAOn argitaratuko da, aste honetan bertan, eta urtarrilaren 30etik aurrera 15 egun balioduneko epea izango da alegazioak aurkezteko. Alegaziorik ez bada, udal aurrekontua otsailaren 22an jarriko da indarrean. Alegazioak aurkezten badira, berriz, otsailaren 24an jarriko da indarrean, horiek eztabaidatu eta Udalbatzak behin betiko onetsi ondoren.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide