Skakeitan: "Bi diskoen artean dagoen aldaketa talde bezala izan dugun eboluzioaren isla izan da"

Erredakzioa 2016ko urt. 20a, 11:02
Argazkia: Skakeitan

Urtarrilaren 22an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango dira McOnak taldearekin batera.

Skakeitan 2008. urtean sortutako taldea da, hasieratik herriko festa, gaztetxe eta bestelako kontzertuak ematen ibili dena. 2010. urtean Skakeitan maketa kaleratu zuen eta lehen diskoa, Ahots gabekoen ahotsa, 2012an. Bad Manners, Talco, La Pegatina, Itziarren semeak, Vendetta, Ze esatek, Zea Mays, 3gabe2, Betagarri, Glaukoma, Arkada Soxial eta beste hainbat talderekin batera jotzeko aukera izan dute. Bere bigarren diskoa, Orekariak, aurkeztu zuten 2014. urtean.

Zeintzuk dira zuen musikan eragin handiena duten taldeak edo musikariak?

Pello: 8 taldekide gera, eta bakoitzak musika estilo asko eta ezberdinak entzutzen ditugula esango nuke hasteko, rock eta punkaren bariazio askotatik jamaikar musika, bakarlariak eta baita musika elektronikora dauden talde asko ere. Uste det azken diskotik hona, konposatzerako orduan, eragina izan dutela The Cat Empire eta Irie Revolters taldeek.

Olatz: Pellok esan bezala, taldekide asko gara eta bakoitzak bere eraginak dauzka. Horrek aberasten du abestiak sortzeko prozesua ere, guztion eraginen arteko nahasketa bat delako. Guztion musika asko entzuten dugu eta boladaren arabera, gure erreferenteak ere aldatuz doaz.

Jada bi disko grabatu dituzue. Aldaketarik somatu duzue batetik bestera?

Pello: Bai, "Ahots Gabekoen Ahotsa" diskoan lantzen genituen abestiak beste kolore bat daukate, "Orekariak"-en perspektiba aldaketa bat egon dela esango nuke, abestiak konposatzerako orduan eta idazteko eran baita ere, diskoa terapia antzeko bat izan da nire kasuan.

Olatz: Kanpotik hain nabarmena izan ez arren, guretzat bi diskoen artean dagoen aldaketa talde bezala izan dugun eboluzioaren isla izan da. Esango nuke eboluzio hau musika bera egiterako garaian eta letrak konposatzerako orduan ere agerian geratu dela.

Aurten estudioan sartuko zarete disko berria grabatzeko. Nolakoa izango da?

Pello: Erronka bat dela iruditzen zait, diskoa bera. Benetan gurekin zintzo izango garelakoan nago, eta sudur puntan jartzen zaiguna egitea gustatuko litzaidake, momentuz lokalean gaude ideiak garatzen.

Olatz: Zaila egiten zait oraindik diskoa nola izango den aurreikustea. Denbora pasa ahala, gero eta aurreiritzi gutxiago dauzkagu sortzerako orduan eta honek askatasun gehiago ematen digula iruditzen zait. Estiloarekiko, goiz da nondik joko dugun esateko.

Nola ikusten duzue taldearen etorkizuna?

Pello: Motzera diskoa konposatzea eta bidaiatzea daukagu helburu bezala, gure musika eta mezua Euskal Herritik kanpo zabaltzea. Orain arte, Katalunia eta Valentziaz gain Japonetik ere ibili gera, hurrengo hilabetean bira bat daukagu lotuta Suizan.

Olatz: Talde baten epe luzerako etorkizuna jakitea oso zaila da, faktore asko hartu behar direlako kontutan eta ezinezkoa delako ezer bermatzea. Iaz izan genuen uda mugituaren ondoren, oso sentsazio onarekin geratu gara eta harrera onak eman digun energia hori aprobetxatu nahi genuke disko berriari indarrez ekiteko bultzada bezala.

Urtarrilaren 22an kontzertua emango duzue Gasteizko Jimmy Jazz aretoan McOnak taldearekin batera. Zer nahiago duzue, aretoetan jotzea ala gaztetxeetan? Zein da bien arteko desberdintasun nabarmenena?

Pello: Leku guztiek daukate bere xarma, Jimmy Jazzen kasuan oso ondo dago espazioa, estetikoki, argi joko ona eta oso soinu ekipo ona dago bertan, gustoko daukagu leku hori. Gaztetxeari begira hurbilago ikusten da ordea, gaztetxeetan hasi baizen gure ibilbidea, eta txalotzekoa da lan militante baten ondorio dela lortu den guztia okupatutako espazio hauetan, ez bakarrik musika eskaintzan, herri mugimendu lokalak sustatzen ere, Gasteizekoak aktibitate asko daukala iruditzen zait.

Olatz: Bakarraren alde egin baino, esango nuke bien artean aukeratu behar ez izatea dela onena. Bakoitzak badauzka bere berezitasun eta bereizgarriak, eta guztietan jotzeko aukerak zabaltzen ditu gure esperientziak. Ezberdintasunak asko dira, gaztetxe batera zoazenean badakizu lanean dabilen jendea proiektu baten aldeko apostua egin duelako dagoela bertan eta funtzionatzeko era ere ez dela berdina. Areto batean jende profesionala dabil lanean eta horrek baldintza hobeak bermatzen dizkizu jotzeko, baina gaztetxeetan sortzen den giroa ere oso berezia da.

Gogotsu zatozte?

Pello: Bai noski, Gasteizen normalean oso gustora jo izan dugu. Gainera bada denbora ez dugula bertatik kontzertu bat ematen.

Olatz: Urtarrilean emango dugun kontzertu bakarra izanik, gogoz beteta joango gara Gasteizera eta espero dugu bertako jendea ere hala egotea!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide