Borinbizkarrako ikasleek ez dute etxetik gertuen duten ikastetxera joateko lehentasunik izango

Erredakzioa 2016ko urt. 19a, 17:17
Irudia: Mariturri guraso elkartea.

Borinbizkarra eta Elejaldeko sektoreak zonifikazioaren 3. gunean sartzeko eskatu du Zabalganako Hazi eta Hezi plataformak.

Mariturriko eta Zabalganako guraso elkarteek eta Zabalgana Batuz auzo elkarteak osatzen duten Zabalganan Hazi eta Hezi plataformak egun auzoak hezkuntza eskaintzari dagokionez pairatzen duen egoera salatu du beste behin.

Borinbizkarrako eta Elejaldeko bizilagunek ez dute lehentasuna izango etxetik gertuen izango duten ikastetxean izena emateko, ezta Zabalgana LHIn ere. Plataformak salatu duenez, sektore hauetako ikasleek etxetik urrunago dituzten zentroetan eman beharko dute izena. “Inkongruentzia” honi aurre egiteko, Borinbizkarra eta Elejaldeko sektoreak zonifikazioaren 3. gunean sartzeko eskatu du plataformak, matrikulazio kanpaina hasi aurretik.

Aldaialde ikastetxe hau etorkizunean Zabalganako hirugarrena izango da eta, eraiki bitartean, egun Mariturri Lehen Hezkuntzako ikastetxeak dituen eraikin aurrefabrikatuetan kokatuko da.

Bigarren Hezkuntzako ikastetxeari dagokionez, oraindik aurrematrikulazioa egiterako orduan erabakigarriak izan daitezkeen alderdiak argitu gabe daudela salatu du auzoko plataformak. Besteak beste, oraindik ez dute azaldu haurrak behin-behineko egoeran garraio-zerbitzua edo jantokia izango duten.

Azkenik, Leza kalean kokatuko den Mariturri ikastetxe berriaren eraikitze-lanak hilaren amaieran amaituko dira eta aurreikuspenen arabera, leku aldaketa Aste Santuan gauzatuko da.

Informazio-bilera, asteazkenean Zabalgana LHIn

Egoera honen aurrean, bizilagunek dituzten zalantza guztiak argitzeko deialdia egin dio plataformak Hezkuntza Sailari. Ildo horretan, informazio-bilera deitu dute biharko, hilak 20, 18:30ean Zabalgana LHIan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide