Errekabarriko 2 urteko haurrentzako autobus zerbitzua eskatu dio Udalak Jaurlaritzari

Erredakzioa 2016ko urt. 18a, 13:08

Autobus-zerbitzua aldarrikatzeko auto-ilara handia simulatu zuten gurasoek aurreko astean.

Salburuko Errekabarri ikastetxeko ikasleak Zaramagako Candido Ruiz de Garibay ikastetxera joan behar dira egunero, behin-behineko eraikin zaharrera. Eragozpen ugari eragiten dizkie familiei behin-behineko egoera honek, honezkero hiru ikasturte beteko dituena. Zaramagatik bi eta  lau kilometro bitarteko distantziara bizi dira gehienak, eta kotxea edo autobusa behar izaten dute haurrak eskolara eraman eta ondoren jasotzeko. Hiru urtetik gorakoentzat badago autobus zerbitzua; ez, ordea, bi urtekoentzat eta hori da, hain zuzen, orain aldarrikatzen duten zerbitzua. Horretarako, aurreko astean simulazioa egin zuten gurasoek eta ikastetxearen inguruko errepideetan auto-ilara handiak sortu zituzten, etorkizunean Zaramagako eraikinaren aurrean sor daitezkeen trafiko arazoak larriak agerian uzteko.

Orain, Errekabarriko guraso elkarteko presidente Igor Lopez de Ondateguik adierazi du aldarrikapen horrek “lehenengo fruituak” eman dituela. Batetik, Gasteizko Udalaren erreakzioa eragin zuen, izan ere, Gasteizko alkate Gorka Urtaran Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburu Cristina Uriarteri kasua aztertzeko idatzia bidali diola jakinarazi du Lopez de Ondateguik.  Horrez gain, Gasteizko udalak eguerdiko garraio-zerbitzuaren zati bat finantzatzeko aukera aztertuko duela iragarri du. Hori dela eta, udalaren babesa eskertu du Errekabarri guraso elkarteak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide