Principal Antzokia barrutik ezagutzeko bisita gidatuak

Erredakzioa 2016ko urt. 12a, 13:09

Bisitaren amaieran Pez Limbo konpainia gasteiztarrak antzezpen laburra egingo du, ibilbidean erakutsitako argi, soinu eta makineria trukoak laburbilduz.

Asteburu honetatik aurrera eta urtarrilaren bukaerara arte, Principal antzokiak ateak irekiko dizkie Gasteizko ikasle eta familiei, bisitaldi gidatuak eskainiz.

Iñaki Prusillarekin batera Principal antzokiko Arte Eszenikoen teknikari espezialista Moisés San Mateosek, Pez Limbo konpainiako Eduardo Hernandok eta Antzoki Sareko programazio arduradun Marta Monfortek aurkeztu dute bisita programa.

2015ean esperientzia pilotua egin zen ikastetxe publiko batekin –Angel Ganivet– eta hain onuragarria gertatu zenez Udalak eskaintza Gasteizko ikastetxe publiko eta itunpekoetara  zabaltzea erabaki du. “Antzerkiaren magia” ezagutaraztea da helburua, agertokiaren atzean dagoena esperimentatzea. Principal antzokiko Arte Eszenikoen alorreko teknikari espezialisten eskutik, antzokiko lan egun bat irudikatzen da: antzezleak nola prestatzen diren ikusi, edo eszenografia nola iritsi eta muntatzen den.

Gainera, antzokiarekin lotutako lanbideak zein argi, makineria eta soinu trukoak azaltzen dira, eta agertokira eta langara igotzen (18 metroko altueran!).

Bisitaren amaieran Pez Limbo konpainia gasteiztarrak antzezpen laburra egiten du, ibilbidean erakutsitako argi, soinu eta makineria trukoak laburbilduz.

Ikastetxeentzako bisitaldi gidatuak doakoak eta elebidunak dira. Ordu bete eta hamabost minutu irauten du talde bakoitzeko.  Bisitaren edukiak eta azalpenak entzun eta ulertzeko besteko adina izatea hartu da kontuan hautaketa irizpide gisa.  Etxean edo ikasgelan lantzeko dokumentazioa ere ematen zaie, antzerki hizkerako terminoak (agertokiaren zatiak, lanbideak)  barne, arte eszenikoen mundu zirraragarria barrutik ezagut dezaten.

Bisitak urtarrilaren 18an eta 28an izango dira, goizez. 2016an 11 ikastetxetako (6 publiko eta 5 itunpeko) 19 ikasgelak hartuko dute parte, hau da, guztira 412 ikaslek.

 

 Familientzako bisitak, euskaraz

Aurtengo neguan familientzako bisitak ere eskainiko dira: gomendatutako gutxieneko adina 7 urte izango da, eta bisitak ordu eta erdi iraungo du; azaldutako trukoak laburbiltzen dituen antzezpena ikusi ahalko dute bisitaren amaieran.

Urtarrilaren 16, 17, 23 eta 24an antolatu dira bisitak, 12:00etan (euskaraz) eta 18:00etan (gaztelaniaz).  Gaztelaniazko bisitetan leku guztiak bete dira; euskarazkoetan bada leku hutsik, hilaren 6an, 17an eta 23an.

Sarreren salmenta

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide