Batzuek ahaztuak dituzte gaztetako ametsak, beste batzuek egia bilakatzea lortu dute eta, beste zenbaitenak bidean geratu dira. Baina ispilura begiratzean, amets horiek ez dira inondik ageri, eta horregatik, zer edo zer falta dutela nabari dute guztiek.
Eta hutsunea betetzeko, galdutako ametsen bila abiatuko dira zenbait, amets berriak irudikatzen saiatuko dira beste hainbat eta berriz ere ahaztutako ametsekiko grina pizten gainontzekoak.
Ahalegin horretan ispiluko irudiaren are antz handiagoa hartzen duten edo beren barneko izatea azaleratzea lortzen, irakurleak erabaki beharko du, istorio bakoitzaren amaiera ez baitago liburuan idatzia.
Eta irakurleak erabaki beharko du, halaber, bera ere, ispiluaren aurrean jarri, eta bertako irudiari so egiteko gai den, edota liburua itxi, eta besaulkian eserita geratuko den, ispiluan bere irudia ikusi eta Ez naiz ni pentsatuko duen beldurrez.
Fitxa teknikoa
Izenburua: Ez naiz ni
Egilea: Karmele Jaio
Argitaletxea: ELKAR
Edizio-urtea: 2012
Orrialde-kopurua: 181
Martxoaren 27an Karmele Jaioren Ez naiz ni liburuaren irakurketa irekia izango da Gasteizko Goiuri jauregian, liburuaren egilearekin batera.
Egilea: Nerea Gallastegi
Ez naiz ni, horixe da liburu honetako protagonistek ispiluaren aurrean jarri, eta pentsatzen dutena. Ispilura begiratu, eta konturatzen dira ez dutela bertan agertzen den aurpegia ezagutzen, gorputza, familia, etxea, lanbidea… Bizitzaren joan-etorrian, galdu egin da beren buruaz zuten irudia eta ispiluak erakusten dienaren arteko lotura.