Honi dagokionez, esan beharra dago, itxura batean euskaldunok ez dugula erakusten zineetan euskarazko filmak ikusteko grina handiegirik, eta enpresa horientzat ez omen da errentagarria euskarazko filmak eskaintzea. Bada hausnarketarako gai potoloa, euskalgintzan gabiltzanontzat eta euskararen gizarte-normalkuntzaz arduratuta gaudenontzat.
Nolanahi ere, kontua da, Kultura Sailburuak Legebiltzarrean PSEk egindako galdera bati erantzunez, "Zinema Euskaraz" programa horretan, Guridi zinea zegoela hitzartuta Kultura Sailaren dirulaguntzen bitartez euskarazko filmak emateko; eta, jakina denez, Guridi zinea aspaldi itxi zen, zoritxarrez. Eta, zine areto horren ordezkorik ez dago gaur egun. Ez dakigu oraingo Jaurlaritzak programa horrekin jarraituko duen ala ez, baina bai garbi dago ez dutela inolako ahaleginik egin Gasteizen ere familia euskaldunok aukera izan dezagun, Bilbo, Donostia edo baita Iruñeko familiek bezala, umeentzat dauden euskarazko film estreinaldi apurrak ikustera joateko.
Agian, euskaldunok (prezioagatik edo beste zeinahi arrazoirengatik) era honetako produktuekiko interes gutxi azaltzen badugu, norbaitek aztertu beharko du ea zirkuitu publiko alternatiboren bat ezin ote den prestatu horretarako.
Nolanahi, larria iruditzen zait dirulaguntza publikoren bat izan duten era honetako produktuek ziurtatuta ez edukitzea gutxieneko zirkuitu bat.
Egia esan, baina, horrelako zirkuitu bat eraiki ahal izateko, Arabako toki erakundeen inplikazioa beharko litzateke, Udalena eta Aldundiarena, eta, Gasteizko Udalaren kasuan behintzat, baina baita Aldundiarenean ere, abandonatu samar daukate euskarazko kultura-proiektuen sustapena. Horren beste adibide bat da "Hamlet" antzezlan berria: datozen lau hilabeteetan, hainbat hiri eta herri txikitan ikusi ahal izango dute, baina ez Gasteizen eta ez Araba osoan ere. Hau bezala, joan den urtean Euskal Herriko hainbat herritatik ibili zen ikusgai "Olentzero" izeneko musikal bat, Bergarako hainbat jendek egina, baina Araban ezin izan zen ikusi, hemengo toki-erakundeetako kultura arduradunek ez zutelako nonbait interesgarritzat hartu. Adibide gehiago badaude, Gasteizen eta Araban euskarazko kultura eskaintza publikoa hutsaren parekoa dela frogatzen dutenak.
Tamalez, ez zait iruditzen, ordea, gure herrialdeko mundu euskaltzalean erreakzio handirik dagoenik, edo, okerragoa litzatekeena, eskari handirik ere. Etsita ote gaude? Krisi ekonomikoaren eragina da, ala euskalgintzaren krisiaren eragina? Horra hausnargai sakona, nahi duenarentzat.
Egilea: Koldo Biguri
Gasteizko familia euskaldunok azken bolada honetan ezin izan ditugu gure umeak zinera eraman euskarara bikoiztu diren umeentzako azken bi filmak ikustera, "Zipi eta Zape" eta "Doraemon" zehazki. Dirudienez, aurreko Eusko Jaurlaritzak, "Zinema Euskaraz" proiektuaren barruan, sarean hainbat film eskaintzeaz gain, akordioren batera iritsi zen EAEko zenbait zine-enpresarekin, euskarazko filmen estreinaldiak diruz laguntzeko.