EDAren ardoaren graduak 11.903 euroko matrikula izango du

Guardian eta Gasteizen ‒irudian, aurtengo uztaileko obrak‒ eraikitzen ari dira EDAren egoitzak. JUANMA GALLEGO / ALEA

2027-2028 ikasturtean hasiko den 'Ardoaren eta Edarien Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako' gradua gaztelaniaz emango dute, ingelesez egindako zenbait irakasgairekin.

EDA Drinks & Wine Campus Basque Culinary Centerrek Ardoaren eta Edarien Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Gradua martxan jarriko du 2027-2028 ikasturtean, Gasteizen eta Guardian. 

Orotara, formakuntza berriak 50 plaza eskainiko ditu. Irakaskuntza hizkuntza gaztelania izango da, "irakasgai jakin batzuk ingelesez" emango badituzte ere, hezkuntza zentroak emandako informazioaren arabera. Lehen ikasturtearen matrikularen prezioa ere publiko egin dute dagoeneko: 11.903 euro. Horren arabera, prezioa mantenduz gero, karrera osoa egiteak 47.612 euroko kostua izango luke. 

Azaroaren 2an emango dituzte karreraren gaineko xehetasun gehiago, Gasteizen egingo duten aurkezpen batean. Zenbait upategitako ordezkari Pasiotik lanbidera: ardoaren eta edarien mundua birdefinitzen ari diren profilak izeneko mahai inguruan arituko dira. Horrez gain, aurreikusita dago aurkezpen ekitaldian egongo direla Maider Etxeberria Gasteizko alkatea, Amaia Barredo Nekazaritza sailburua eta Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia.

BCCren arabera, "datozen urteetan sektorearen bilakaera gidatuko duten profesionalak prestatzeko" sortu dute gradua. Erreserba egiteko prozesua doakoa dela aurreratu dute, eta hori egiten dutenen artean onarpen proba bat egingo dute. Horren ostean, 1.000 euro ordaindu beharko dira plaza erreserbatzeko, baina zenbateko hori urteko matrikularen prezio osotik kenduko dutela azaldu dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago