Guardiako Erregeen Andre Maria elizaren ataria zaharberritzeko prozesua abiatu du aldundiak, Ana del Val Kultura foru diputatuak gaur iragarri duenez. Batez ere hezetasun arazoak jota dago atari polikromatua, eta egoera bideratzen saiatzeko 380.000 euro bideratuko dituzte datozen bi urteetan, erdi bana ordainduta. Hala, orain aldundiak zein Gotzaindegiak 90.000 euro inbertituko dituzte bakoitzeko, eta datorren urtean, berriz, erakunde bakoitzak beste 100.000 euro jarriko ditu.
Batzar Nagusietako Kultura batzordean Alderdi Popularrak egindako galdera bati erantzuna emateko gaur egindako agerraldi batean, Del Valek prozesuaren gaineko xehetasunak eman ditu. Hala, joan den ostiralean hartu zituzten atariaren bereizmen handiko lehen irudiak, eta aste honetan fotogrametria lanak egin dituzte. Datorren astean Aldundiaren Laborategi Orokorrak zundaketak egingo ditu. Azaroaren lehen asterako aurreikusita dago aldamioak jartzea, eta abendura arte zaharberritzea egin ahal izateko datuak hartuko dituzte atarian. Aditu horiek egingo duten azterketaren ondorioen arabera zehaztuko dituzte gero esku hartzearen hurrengo faseak.
"Atariaren egoera ondo ezagutu behar dugu, narriaduraren zioak identifikatzeko eta egokienak diren aterabideak definitzeko", nabarmendu du Del Valek. Aurreratu du saiatuko direla bisita gidatuak prestatzen prozesuan zehar, eta, horretarako, Guardiako Turismo Bulegoarekin hartu-emanetan daudela. Hala egin dute, adibidez, Kexaako Monumentu Multzoan egindako azken zaharberritze lanetan.
Urtarrilean Guardian egindako topaketa ireki batean, zenbait auzokidek gairen inguruko kezka agertu zioten Del Vali, Ate Irekia agerkarian ezagutarazi zutenez, eta egun horretan diputatuak esan zuen gaia berriro aztertuko zuela, baina, horretarako, Gotzaindegiarekin akordio bat lortu behar zela, harena baita ondare ondasuna. Uztailean ezagutarazi zuten akordioa, eta gaur eman dute bai lanen hasieraren zein bideratutako diru partiden berri.