Azken aukera organoen ahotsak betirako isildu ez daitezen

Organo bakoitzak berezko ezaugarriak ditu, eta horretera egokitu behar du organistak. EDUARDO MORENO

Arabako Errioxan oraindik funtzionatzeko gai diren zortzi organoen musikarekin disko bat grabatu dute Eduardo Moreno eta Saskia Roures musikariek. 'Las voces que se acallan' izena eman diote proiektuari, eta egoeraren larritasunaz kontzientzia hartzeko baliagarria izango dela espero dute.

Garai batean hogei baino gehiago egon ziren. Gaur egun hamabi geratzen dira, baina, horietatik, zortzi baino ez daude jotzeko moduan. "Eta, aurki, agian beste batzuk ere ez dira entzungo, funtzionatzeari utziko diotelako", ohartarazi du Eduardo Moreno musikari eta Guardiako Musika Bandaren zein Musika Eskolaren zuzendariak. Urteak daramatza Arabako Errioxako musika ondarea ezagutarazten eta zaintzen, bai eta organoen egoera latzaren inguruan ohartarazten ere. "Ez gara jabetzen organoen alorrean dugun aberastasunaz. Jende askok uste du elizetan ezertarako balio ez duten tramankulu zahar batzuk direla, baina organo bilduma handiena duen Euskadiko eskualdea da hau", azaldu du. Dioenez, bere ardura ez da soilik ondarea bera, musika entzuteko aukera izatea baizik. "Musika tresnak izan behar ditugu horretarako, baina horiek funtzionatu behar dute, noski; hala izan ezean, ez dute askorako balio".  

Kezka aspaldikoa da. Izan ere, 2017 eta 2018ko udetan Morenok organo ikastaroak antolatu zituen. Haren asmoa zen urtean gutxienez lau kontzertu egin ahal izatea eskualdeko organoekin, eta hurrengo urte batean beste lau, Arabako Errioxan geratzen diren tresnei gutxienez bi urtean behin erabilera bat eman ahal izateko. Baina Morenoren ahaleginez gain, kontua hor geratu zen, eta gaur egun apenas jotzen dira. Gogaituta dago jada borroka horrekin. "Ni oso tematuta nago honekin, baina, zinez, uste dut ez didatela jaramonik egiten", esan du Morenok, eta, dioenez, aurten esku artean duen proiektua izango da gai honekin egingo duen azken saiakera. "Tira, iaz diputazioak organista bat bidali zuen Guardiako San Juan elizara, eta eskatu zidaten ea organoa erregistratzeko moduan ote nintzen. Prozesu horren bitartez, hodiak mugitzen dira, modu batean edo bestean soinua atera dezaten. Bada, organistak esan zidan: 'Aizu, Eduardo, elkarte bat osatu behar duzu'. Bada, erantzun nion ezinezkoa zela, nirekin ez zuela inork elkartu nahi", dio musikariak, gainean duen sumina umore puntu batez zipriztinduta.

2017 eta 2018ko ikastaro horiek Saskia Roures Salamancako Kontserbatorioko organo katedradunak eman zituen, eta, orain, Roures berriro ere batu zaio Morenoren azken proiektuari: irailean zehar Las voces que se acallan diskoa grabatzen ibili dira, eskualdean geratzen diren zortzi organo horien soinua grabazio batean betikotu ahal izateko.

Grabazioa azken asteetan egiten ibili dira, baina urtearen hasieran ere bira bat egin dute, organoz organo. Egon ziren ikusten organo bakoitzarekin zer egin ahal den. Musika tresna bakoitzaren ezaugarrien arabera, funtzionatzen duten piezen arabera, zer musika obra jo ahal diren erabaki aldera.

Askotariko elementuak 

Horren beharra aldarrikatu du Rouresek, organo bakoitza "mundu bat" delako. Egokitu ahal izateko, organista gutxienez egun bat edo aurretik egon behar da, organoaren ezaugarrien edo errepertorioaren zailtasunaren arabera. "Egokitu behar duzu tresnara, askotariko faktoreak daudelako tartean. Hau bezalako proiektu bat bereziki zaila da. Batetik, organoak desberdinak dira, baina, horrez gain, gehienak ez daude behar bezala zainduta. Eskakizun handikoa, gogorra eta zaila izan da, baina pozik nago ekarpen txiki bat egiteko aukera izateagatik". Salamancako adituak espero du diskoak hausnarketa sustatuko duela organo hauen egoeraren inguruan. "Guk organo hauek ondare gisa duten garrantzia nabarmendu nahi izan dugu; orain, ea honetan bestelako esku hartzerik egin dezaketenek hori egiten duten", proposatu du organo katedradunak.

"Aberastasun handia du Arabako Errioxak: organo bilduma handiena duen euskadiko eskualdea da". Eduardo Moreno

Aniztasun handia dago horien artean. XVIII. mendeko organoetatik duela gutxi eraiki diren organoetara arte. Eta egon daitezke ere berriki eraikitako organoak, baina musika tresna zaharren antzera eraikita daudenak. "Oiongoa da horren adibide, Ipar Alemaniako organo barroko bat islatzen duelako, azaldu du Rouresek. "Mekanika, teklatuaren tamaina, pedalierak —oinekin erabiltzen diren pedalak—, adierazpen kutxak, erregistroak —tresnak sor ditzakeen tinbreak, hain zuzen—... horiek guztiak desberdinak izan daitezke. Kasu honetan, gainera, elementu batzuek soinua ateratzen zuten, baina beste batzuek ez. Horretara egokitu behar duzu, organoa jo aurretik". Elizei beraiei dagokienez, ez dute aparteko arazorik izan. "Espazioa da zailtasun gutxien ematen duena, erreberberazioa sortuz, eta horretan tenpluak beti laguntzen du", aipatu du.

Saskia Roures eta Eduardo Moreno, duela gutxi bukatu duten diskoaren grabaketan. EDUARDO MORENO

Hamar hilabete eskas igaro dira Gabonetatik hona, eta, harrigarria badirudi ere, organoen narriadura "itzela" izan da, organistaren arabera. " Nik uste nuen organo horiek gaizki zeudela, baina orain banan-banan ikusten egon garenean konturatu gara dauden egoeraren larritasunaz". Eltziegoko organoa, adibidez, hondatzear dagoela ohartarazi dute bi musikariek. "Bost urte barru ez du soinurik aterako", aurreikusi du Morenok. Horregatik, eskatu du ahalik eta lasterren horietan esku hartu beharra dagoela.

"Guardian hiru organo daude, baina nik horietako bi baino ez ditut ikusi funtzionamenduan. Horietako bat duela mende edo mende eta erditik ez dabil, baina soilik bi edo hiru urte dira Santa Mariakoa ez dabilela. Eta horrek jada ez du irtenbiderik. Ez da egongo, demagun, 80.000 edo 120.000 euro organo hori lehengoratzeko. Beste kontu bat da, esaterako, 30.000 euro egotea organo bat konpontzeko, hondatu ez dadin... baina, behin hondatuta, oso zaila izango da organoa berreskuratu ahal izateko behar adina diru egotea", azaldu du. Morenok argi du, hortaz, orain sartu behar dela eskua, kalteak konponduz eta organo horien erabilera bermatuko duen programazio minimo bat martxan jarriz. 

Egoeraren larritasunaren neurria ematen duen beste gertakari bat gogora ekarri du Morenok. Duela bizpahiru urte gertatu zela dio, Bastidan. "Madrilgo aditu bat etorri zen Bastidan bideo bat grabatzera eta Guardian kontzertu bat ematera. Bada, hara joan zenean, organoa ez zebilen, eta azkenean elektrikari batek konpondu behar izan zuen kontua, baina organoa ia-ia erretzeko zorian egon zen". 

Berreskuratutako musika

Lantziegora joan ziren egunean, hiru organo jo behar zituzten: herriko biak –elizaz gain, Landako baselizan ere organo txiki bat dute bubilloek— eta Eltziegokoa. "Baselizan dagoen organo txikirako obra xume bat grabatu behar genuen, organo horretarako aproposa. Bada, ia-ia ez genuen lortu grabatzea. Bertatik Eltziegora joan ginenean, hura ikusi eta egoera negargarrian dagoela ikusi dugu. Hodiak apurtuta ditu". 

"Organo hauek ondare gisa duten garrantzia nabarmendu nahi izan dugu diskoarekin". Saskia Roures

Gauzak hala izanik, bi egoeratara egokitu behar izan da Salamancako aditua. Batetik, organo bakoitzaren ezaugarri tekniko eta historikoak. Bestetik, organo bakoitzaren gaur egungo egoera. Hortaz, Rouresek musika tresna bakoitzaren ezaugarrien arabera aukeratu du diskorako errepertorioa. "Saiatu naiz euskal musikariak egon daitezen, baina badira Aragoikoak ere, ni bertakoa naizelako. Musika egokitzerakoan, organoaren eta piezaren garaia hartu ditu kontuan adituak, bai eta organoak dituen erregistroak ere. "Erregistro bakoitzetik doinurik politenak ateratzen ibili nintzen. Gero, martxaren gainean, aldaketak egin behar izan ditut, Gabonetatik hona organoak dezente narriatu direlako".

Besteak beste, Morenok nabarmendu du ahots eta organorako pieza bat erreskatatu dutela. "Nik pentsatzen nuen ez zela maila handikoa izango. Baina xarma pixka bat duen musika dela konturatu naiz", aipatu du Morenok. XIX. mendean bizi izan zen Felipe Arriolarena da pieza: Guardiako organista izan zen, eta herriko musika bandaren lehen zuzendaria ere izan zen. Harekin hasi zen, beraz, orain Morenok betetzen duen arduraren katea. Eskerrak pieza hori erreskatatu duten, Gabonetan Guardian egon zenean, organoaren egoera kaskarra dela eta, Rouresek pentsatu zuelako oso zaila izango zela bertan jotzeko zerbait aurkitzea. "Zorionez, Eduardok Arriolaren meza hori aurkitu zuen, toki horretan bertan jotzeko prestatua". 

Organista Salamancatik etorri zela aintzat hartuz, Morenok gogora ekarri du zenbaitetan estu eta larri ibili direla grabaketan. "Berria bada ere, Oiongo organora jo genuenean, konturatu ginen ez zuela funtzionatzen. Arratsaldeko bostak ziren eta Saskiak seietan hartu behar zuen trena". Azkenean lortu zuten, eta abisua eman zioten bai herriko apaizari zein elizbarrutian eliza ondarearen ardura duen pertsonari. Aipatu nion organoa konpondu behar zela, eta berak esan zidan hari ere ez ziotela kasu askorik egingo.

Ohi bezala, horretan datza arazoaren muinetako bat: organoak elizarenak dira, eta, berez, haiek konpondu beharko lituzkete. "Tira, organoak jo ahal izateko, 11 orriko kontratua sinatu behar izan dut Gotzaindegiarekin. Hipoteka egiteko gutxiago sinatu nituen!".

Trena hartu zuen Rouresek, eta, bueltako bidean, bi sentimendu eraman zituen harekin. "Batetik, ederra da hau bezalako proiektu batean parte hartzea. Baina, bestetik, nolabaiteko melankolia edo tristura bat sentitzen duzu, ikusten duzulako musika tresnak ez daudela egon beharko liratekeen moduan".

Azkenean dena grabatu ahal izan zuten, Sonora disko etxearen laguntzarekin. Moreno eta Rouresekin batera, Pako Ruiz, Alvaro Herrero, Rubi Naveros, Alba Gonzalez, Txomin Maidagan eta Jon Larrauri ibili dira.

Diskoa, bidean

Dena ondo bidean, aurki aurkeztuko dute diskoa. "Berez, disko fisiko bat egongo da, baina ez ditut 100 baino gehiago aterako. Horrekin hamabi orriko koadernotxo bat joango da, bitakora kaiera baten antzera. Orri bakoitzean Pablo Cañas argazkilariak egin duen tresna bakoitzaren argazki bat egongo da, eta organo bakoitzaren egoeraren berri ematen duen testu txiki bat". Dena dela, Morenok aurreratu du diskoa ohiko online plataformetan eskuragarri egongo dela, nahi duen orok diskoa entzuteko aukera izan dezan. Azken finean, haien helburua delako organoen egoeraren berri ematea, eta gaiaren bueltan arreta erakartzea. Finean, eta diskoaren tituluak dioen moduan, Bastida, Eltziego, Guardia, Lantziego, Moreda, Oion eta Villabuenan dauden ahots horiek betiko galdu ez daitezela lortu nahi dutelako.

Hain justu ideia hori buruan, sare sozialen bitartez ere diskoa grabatzeko prozesuaren berri eman dute, egunez egun, azalpen osagarriekin. "Organoz organo sakelako telefono batekin bideo txiki bat grabatu dugu. Organo bakoitzaren inguruan hitz egin dugu. Facebooken 16.000 bisita izan ditugu, eta Instagramen, berriz, 23.000 inguru". Morenok garrantzitsutzat jo du alde grafiko bat egotea, hori interneten mantenduko delako. "Ez da protesta bat, gai honekin horren baldarrak ez izateko eskaera bat baizik. Oso diru gutxirekin urtean lau kontzertu egin ahal ziren, eta horrela, bi urtean behin, geratzen diren zortziak funtzionamenduan mantenduko lirateke", eskatu du. "Nire ustez, pena izango litzateke hemendik hogei urtera esatea eskualdean ondare bikaina genuela, eta, abisua eman genuen arren, organo horiek betirako isildu direla". •

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago