Udalerrian frankismoak errepresaliatutako pertsonen omenez plaka bat jarri du gaur Oiongo Udalak Eras de Abajo kalean. Hala, herriko plazatik duela hainbat hilabete mugitutako kioskoari esanahi berria eman nahi izan diote.
Udalaren arabera, frankismoak errepresaliatutako pertsona guztiak omentzeko balio du espazio berriak. "Urte gehiegitan, isiltasuna gailendu da errepresio frankista jasan zutenen artean", nabarmendu du Oiongo alkate Jose Manuel Villanuevak. Erantsi du memoria "historiaren akatsak ez errepikatzeko berme bakarra" dela, eta nahi dutela tokia "askatasun, tolerantzia eta demokrazia handiko itsasargia" izan dadila.
Ekitaldian bertan alkateak gogora ekarri duenez, memoriarako espazio hau Oscar Layana PSE-EEko zinegotziaren ekimena izan da, sozialistek EH Bildurekin adostutako aurrekontuen baitan. "Toki honek beti oroitaraziko digu zeinen garrantzitsua den demokraziaren alde borrokatzea, bai eta gure askatasunak zein eskubide zibilak egunez egun babestu eta zaindu behar ditugula ere", esan du Layanak.
Ekitaldian errepresaliatuen hainbat senidek parte hartu dute. La Pilastra elkarteko presidente Eduardo Uribek gogoan izan ditu 1936ko kolpe militarraren ostean balore errepublikano eta demokratikoak babesteagatik "fusilamendua, erbestea, kartzela edo lan behartuak" jasan zituztenak. Oion Labraza eta Gorrebustoko pertsona hauen izenak plaka batean idatzita geratu dira: Fructuoso Diaz de Cerio, Otilia Fernandez-Maeztu, Emilio Izarra, Jose Perez eta Teodoro Calvo (fusilatuak), Arturo eta Carlos Saenz de la Calzada anaiak (erbesteratuak), eta Juan Pascual (Schewetzingeneko kontzentrazio esparruan hilda) eta Maximo Corres (Argeles-sur-Mer kontzentrazio esparruan preso egondakoa).