Zezen batek harrapatuta, asteazkenean ospitalean hil den Leire San Pedroren omenez bi eguneko dolu aldia deitu du Guardiako Udalak.
Joan den igandean gertatu zen ezbeharra Lodosan (Nafarroa), herrian Zezen sokadun gisa ezagutzen den ekitaldiaren barruan. Soka bati lotuta zezen bat askatzen dute herrian. Bada, joan den igandean, hesia gainditu eta publikoa zegoen lekura sartu zen animalia, hainbat ikusleri zauriak eraginez. Buruan kolpe handia jasota, 25 urteko gaztea larri zaurituta eraman zuten Iruñeko ospitale batera, eta bertan hainbat egunez zaindu dute, atzo hil egin zen arte.
Bilbon jaio eta bizi zen arren, Guardiako familia ezagun bateko kidea zen gaztea, eta harreman estua zuen herriarekin. Hori dela eta, udalak bi eguneko dolu aldia ezarri du, eta gaur eguerdiko ordu bietan elkarretaratze isila deitu du.