Klima aldaketaren gaineko kezkak zentratu du aurten Kripanen ospatu duten mahats bilketaren jaia. Horren oroitzapen bezala, itzal bila ibili dira egun gehienean lagun asko eta asko, Arabako Errioxako udalerririk txikienean Eguzkia jo eta su ibili den egun batean.
Pepe Viyuela pregoilariak eskualdearen zein ardogintzaren egoera jorratu du bere diskurtsoan —sektorearen lan hitzarmenaren alde izan ditu metro gutxira LAB, UGT, CCOO eta ELA sindikatuetako ordezkariak—, eta arte eszenikoen egoerarekin alderatu du. Umorea eta tonu serioagoa uztartu dituen diskurtsoan toki esanguratsua izan du Lantziegon lan istripuan hildako David Calleja nekazariak, eta euskaraz hitz batzuk irakurtzen ausartu da ere.
Jaurlaritzak egin ohi duen irakurketan, aurten kanpaina inguratu duten tenperatura oso altuak eta prezipitazio eza izan dituzte hizpide. Halere, uzta "egoera sanitario bikainarekin" iritsi dela ezagutarazi dute. Orain arte 40 milioi kilo inguru mahats jaso eta upategietara eraman dituzte.
Amaia Barredo Nekazaritza sailburuaren hitzetan, klima aldaketak "mahastiaren zikloa aldatzen ari da dagoeneko", eta, horren aurrean, babestu du "ezagutzarekin, ekoizleentzako babesarekin eta merkatuak irekitzeko gaitasun handiagoarekin" erantzun beharra dagoela.
Egokitzapen horri begira Neiker, EDA Drinks & Wine Campusa, aldundia eta Jaurlaritza egokitzapenari begirako proiektu batean lanean ari direla azaldu du, eta nabarmendu du barietate zaharrak eta biotipo bereziekin lanean ari direla klima baldintza berrietara egokitzeko "gaitasuna indartzea" helburu.
Ohi bezala, alderdietako ordezkariek ere gaiaren inguruko beren ikuspuntua ezagutarazi nahi izan dute hitzorduan. Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko bozeramaleak "kalitatearen eta bereiztearen" alde egin du. PSEko Javier Hurtadok gainerako alderdiei eskatu die batu daitezela sozialistek bultzatu duten Klima Larrialdiari aurre egiteko Estatu Itunari. PPko Laura Garridok esan du "landa eremua utzita" dagoela, eta gaiari buruzko ekimen politikoak iragarri ditu. Elkarrekin Arabako David Rodriguezek, berriz, "plan estrategiko integral" bat eskatu du eskualderako, eta Elikadura Katearen Legea bete dadila eskatu du.