Matxura batek lehortearen ondorioak larriagotu ditu

Juanma Gallego

Udal igeriekuen itxiera eskatu du ur partzuergoak. Argazkia: LAPUEBLA DE LA BARCAKO UDALA

Arabako Errioxako ur partzuergoak igerilekuak ixteko eskatu die udalei.

Arabako Errioxan abuztuaren erdialdetik indarrean zeuden ur murrizketen maila igo du Urkidetza Arabako Errioxako ur partzuergoak. Asteburu honetan udalei igorritako gutun batean erakundeak ezagutzera eman du eskualdearen ur hornidurako erabiltzen den zundaketa garrantzitsuenetako batean "matxura larri bat" egon dela, eta, horrek, lehorte egoera larriagotu dezakeela. Hori dela eta, partzuergoak kuadrillako udalerriei eskatu die "ahalik eta lasterren" udal igerilekuak ixteko.

Udalei "erantzukizuna" galdegin die, ura aurrezteko "eredu" izan daitezen, "herritarrei neurriak hartzeko hartu aurretik". Partzuergoak gogora ekarri du lehorte egoerari gehitu behar zaiola mahats bilketarekin batera etortzen den uren erabileraren gehikuntza; horregatik guztiagatik, eskatu du "funtsezkoak" ez diren uraren erabilerak bertan behera uzteko.

Herri gehietan igerilekuak ixtear dauden datetan etorri da eskaera. Adibidez, Bastidako Udalak joan den astean ezetz esan zien igerilekuen irekiera luzatzeko egindako hainbat eskaerei, instalazioen mantentzearen kostu ekonomikoa eta uraren kontsumo handia argudiatuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago