Behin-behinean aske utzi dute Eltziegon atxilotutako emakumea

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Eltziegon gertatu zen harrapaketa larunbatean. Argazkia: PHOT.OK

Bikotekidea harrapatzea egotzita atxilotu zuten larunbatean 25 urteko emakumea. Etxeko indarkeria leporatu diote neskari eta genero indarkeria gizonari.

Gasteizko Lehen Auzialdiko Epaitegiko guardiako epaileak behin-behineko askatasuna agindu du, Eltziegon, bere bikotekidea autoarekin harrapatzen saiatzea egotzita larunbat honetan atxilotu zuten emakumearentzat.

Era berean, harrapaketaren biktima den gizona ere ikertzen ari dira genero indarkeria delitu batengatik, "elkarren arteko eraso bat" gertatu zela uste baitu epaileak.

25 urteko emakumea epailearen aurrera eraman dute igandean, eta epaileak lesio larriagotuen delitua egotzi dio. Atxilotuak epailearen aurrean deklaratzeari uko egin du. Bestalde, gizona ere ikerketapean dago ustezko genero indarkeria delitu batengatik.

Hemendik aurrera, Gasteizko Emakumearen Aurkako Indarkeriaren atalak tramitatuko du auzia.

Atxiloketa, larunbatean

Poliziak larunbatean atxilotu zuen 25 urteko emakumea, hilketa saiakera delitu baten ustezko egile gisa. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakaria larunbat goizeko 7:30ak aldera jazo zen. Poliziak lekuko batzuen bidez erasoan inplikatutako ibilgailuaren deskribapena lortu zuen eta autoa aurkitu zuten, harrapaketarekin bat zetozen kalteekin.

Biktima, berriz, Gasteizko Txagorritxu ospitalera eraman zuten zauriak artatzeko. Poliziek ospitalean bertan identifikatu zuten emakumea, bikotekidearen ondoan zegoela. Biekin hitz egin ondoren, poliziak emakumea harrapaketaren ustezko egilea zela ikusi eta atxilotu egin zuen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago