Ardoaren bafadak beste behin zorigaitza eraman du Lantziegora. Asteburu honetan herriko jaietan murgiltzear den Arabako Errioxako herrian upategi bateko langile bat hil egin da gaur goizean, bafadak jota.
Eguerdian gertatu da ezbeharra, Hermanos Callejak upategiko jabea bertan lanean ari zenean. Muztioak irakitean sortutako karbono dioxidoak isilean lagun hori ito egin du, eta ardo biltegira erori da, kontzientzia galduta. Bertaratu diren sorospen zerbitzuek ezin izan diote bizitza salbatu.
Lantziegoko udalbatza urgentziaz bildu da gaur arratsaldean, ezbeharraren aurrean hartu beharreko neurriez erabakitzeko. Mahai gainean egon den lehen proposamena jaiak bertan behera uztearena izan da, baina biktimaren senideek eskatu dute egitaraua bere horretan mantentzeko. Hala, udalak hiru eguneko dolu aldi ofiziala deitu du, baina bihar hastekoak diren jaietako programazioa mantendu du.
Ohar batean, udalak "minik sakonena" agertu du gaur goizeko ezbeharragatik, eta doluminak eman dizkie senide eta lagunei. Herritarrei deia egin die egun hauek "errespetuz, lasaitasunez eta begirunez bizitzera".
Duela hiru urte antzeko ezbehar bat gertatu zen herrian, lanean ari ziren bi lagun kontzientzia galdu eta itota hil zirenean.