Arabako Errioxako mahats bilketaren atarian, UAGAk kezka agertu du hainbat upategik mahastizainei aurtengo mahatsa jasoko ez dutela jakinarazi dietelako. Sindikatuaren arabera, egoera horrek ustiategi batzuk egoera "oso zaurgarrian" uzten ditu eta, gainera, mahatsa ekoizpen kostuen azpitik erosteko arriskua areagotu dezake.
UAGAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Elikadura Katearen Legea betearazteko eta ofiziozko ikuskapenak egiteko, ekoizpen kostuen azpitik egiten diren erosketak hautemateko. Era berean, kontratuak mahatsa entregatu aurretik formalizatzea eta prezio zein baldintzak argi jasotzea exijitu du.
Nekazarien sindikatuak ohartarazi du mahatsaren ekoizpena errentagarria izateari uzten badio, familia ustiategi askok ezin izango diotela jarduerari eutsi, eta mahastiak bertan behera uzteko arriskua areagotuko dela. Horregatik, erakundeen eta sektoreko eragileen arteko "ekintza estrategia bateratua" erdiesteko eskatu du, mahastizaintzaren etorkizuna eta Arabako Errioxako ondare ekonomikoa, soziala, ingurumenekoa eta paisajistikoa bermatzeko.