Mañuetako Udalak azkenean onartu du inskripzio frankista estaltzea

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 28a

Inskripzio frankistari eraso egin izan diote hilabeteotan, salaketa gisa. Argazkia: La Pilastra.

PPk gidatutako udalak helegite ugari jarri ditu azken urteetan, baina atzera bota dituzte guztiak, Espainiako Memoria Demokratikoaren Legean oinarrituta. 'Caídos por Dios y por España' esaldiak diktadura frankistari gorazarre egiten diolako estali beharko dute, baina grabatua dagoen harria kendu gabe. 

Mañuetako Udalak datozen hilabeteetan estaliko du udal eraikin bateko ateburuan dagoen Caídos por Dios y por España inskripzio frankista, Espainiako Gobernuak Memoria Demokratikoaren Legea betetzeko emandako aginduaren ondoren. Udalak ez du idazkuna fisikoki kenduko, eraikinaren egituran kalteak eragin ditzakeela argudiatu baitu, baina aurrerantzean esaldia ez da ikusgarri izango.

Erabakiak amaiera eman dio urte luzez luzatu den auzi bati. PPk Araban dituen bi udaletako bat da Mañueta, eta Francisco Javier Garcia PPko alkateak behin baino gehiagotan uko egin izan dio inskripzioa kentzeari. Udalak hainbat alegazio eta helegite aurkeztu ditu esku hartzea saihesteko.

Espainiako Gobernuaren ebazpena

Aste honetan, Memoria Demokratikoa Sustatzeko Zuzendaritza Nagusiak inskripzioa memoria demokratikoaren aurkako sinbolo eta elementuen katalogoan sartu du. Gobernuaren arabera, Caídos por Dios y por España leloak 1936ko altxamendu militarra eta diktadura frankista goraipatzen ditu, eta, ondorioz, espazio publikotik kendu behar da, edo irakurgaitz bihurtu.

Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkariak azaldu du ebazpena "administrazio prozesu luze baten" ondoren iritsi dela, udalak aurkeztutako errekurtso guztiak aztertu ostean. Haren hitzetan, neurriaren helburua da aitortza egitea "justizia historikoa, memoria demokratikoa eta askatasunaren eta demokraziaren alde jardun zuten eta errepresioa pairatu" zuten pertsonei.

Udalaren jarrera aldaketa

Orain arte, udalak defendatu izan du inskripzioa dagoen ateburua eraikinaren elementu historiko eta egiturazkoa dela, eta kentzeak kalteak eragin litzakeela. Hala ere, Espainiako Gobernuak argitu du legeak ez duela ateburua bera zalantzan jartzen, bertan grabatutako mezua baizik.

Ebazpenaren ondoren, PPk jakinarazi du udalaren asmoa dela inskripzioa estaltzea, baina harrizko pieza bere horretan utzita. Udalak eta PPk zabaldutako azalpenaren arabera, arkitekto baten txosten teknikoak ohartarazi du ateburua erabat kentzeak arrakalak edo bestelako egiturazko kalteak eragin ditzakeela eraikinean. Horregatik, aukeratutako formula letrak estaltzea izango da, mezua kaletik irakurri ezin izan dadin.

La Pilastraren poza

Albistea pozik hartu du La Pilastra Memoria eta Kultura Demokratikorako Elkarteak. Erakunde memorialistaren ustez, ebazpena "urrats garrantzitsua" da Memoria Demokratikoaren Legea betetzeko eta egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak sustatzeko.

Elkarteak espero du udalak Ministerioaren errekerimendua osorik betetzea, eta inskripzioa ezarritako epean desagerraraztea. Gogorarazi du bere helburua dela 1936ko estatu kolpearen, Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimei aitortza eta erreparazio morala ematea, baita balio demokratikoekin bateraezinak diren sinboloak espazio publikotik kentzea ere.

La Pilastrak nabarmendu du kasu hau beste aurrerapauso bat dela Araban oraindik geratzen diren aztarna frankistak ezabatzeko bidean, eta 2025ean Gorrebustoko plaka frankista kentzearekin alderatu du.

PSEren kritikak PPri

Arabako PSE-EEk ere ontzat jo du ebazpena, eta gogorarazi du auzia Arabako Errioxako Ramon Rubial talde sozialistak egindako salaketatik abiatu zela. Sozialisten arabera, erabakiak berretsi egiten du hasieratik defendatu duten jarrera.

Aldi berean, kritikatu egin dute Francisco Javier Garcia alkatearen jokabidea, eta prozesu osoan zehar sinbolo frankista kentzea oztopatzen saiatu dela argudiatu dute. PSEren esanetan, ebazpenak erakusten du auzia ez zela "iritzi edo interpretazio politiko kontua", lege demokratiko bat betetzeko betebeharra baizik.

Sozialistek azpimarratu dute memoria demokratikoa ezin dela udal bakoitzeko gobernuaren borondatearen mende egon, eta diktadura goresten duten sinboloek ez dutela lekurik demokrazia batean.

Hiru hilabeteko epea

Ebazpenaren arabera, Mañuetako Udalak hiru hilabete ditu esku hartzea egiteko. Azkenean, urteetako eztabaidaren ostean, inskripzio frankista ez da kenduko, baina bai estali. Mañuetako PPk argitu du hiru hilabeteko epea errespetatuko dutela, eta kendu egingo dutela idatzi frankista.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago