Guardiakoa da tasa turistikoa onartuko duen Arabako lehen udala

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko uztailaren 23a

Arabako udalerri turistikoena da Guardia. Argazkia: PHOT.OK

EAJko udal gobernuak eta EH Bilduk tasa turistikoaren inguruko akordioa lortu dute. Aldundiak ezarritako gehieneko kopuruaren azpitik kokatzen da kobratuko dena.

Arabako udalerri turistikoena da Guardia. Hortaz, ez da kasualitatea tasa turistikoa onartuko duen herrialdeko lehen udala izatea. EH Bilduk ohar bidez iragarri duenez, EAJko udal gobernuarekin akordioa lortu ondoren, egonaldi turistikoen tasa arautzen duen udal ordenantza onartuko dute ostiral honetan egingo den ezohiko bilkura batean.

EH Bilduren azalpenen arabera, tasak sektorearen eskaerak jasotzen ditu, eta Aldundiak establezimendu motaren arabera ezarritako gehieneko kopuruen azpitik kokatzen du ordaindu beharrekoa, bost izarreko hotelen –Guardian ez dago halakorik– eta erabilera turistikoko etxebizitzen kasuan izan ezik. Bi kasu horietan ordaindu beharreko tasa foru arauak ezarritako gehienekoa izango da.

"Tasa funtsezko elementua da udalak ematen dituen udal zerbitzuen finantzaketa hobetzeko eta Guardiako turismo jarduera garrantzitsua hobeto antolatzeko", azaldu dute EH Bildutik. Era berean, Angel Coca Guardiako EH Bilduren bozeramaileak azpimarratu du etxebizitzaren krisiari aurre egiteko balio duela tasa berriak, eta etxebizitzaren "funtzio soziala" berreskuratzeko.

Erlazionatuak

Tasa turistikoa onartu dute Araban

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute eka 11 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago