Jaioterrira itzuli da memoria

Juanma Gallego 2026ko uztailaren 25a

Leticia Pascual, Javier Gomez Calvo eta Oscar Layana, Labrazan egindako hitzaldi eta oroimen ekitaldian. Argazkia: LA PILASTRA

1936an frankistek Logroñon hil zuten Teodoro Calvo Galilea anarkista labrazarraren historia berreskuratu dute jaioterrian. Haren senideak bertan direla oroimen ekitaldia egin dute, testuinguru historikoa azalduz.

Leticia Pascualen amonak ezin zuen sinetsi. Familian betidanik zekiten Teodoro Calvo Galilea (1897-1936) aitona Logroñoko bizargile apal bat baino ez zela izan, politikatik guztiz urrunduta. Gauzak hala izanik ere, Gerra Zibilean hil zutela jakin bazekiten. Baina Jesus Vicente Aguirreren Aquí nunca pasó nada liburuan oso bestelako istorioa irakurri zuten. Horretaz jabetzean, bai amona zein Leticia Pascual bera guztiz sumindu ziren. Aguirrek liburuan kontatzen duenaren arabera, Teodoro Calvo CNTko militantea izan zen, eta Gerra Zibilaren aurretik, Errepublikaren garaian, atxilotu zuten, bizartegian lehergailuak eta armak izateagatik.

"Historialariari posta elektroniko bat idatzi nion, eta eskatu nion gure birraitonari buruz idatzitakoa zuzentzeko", kontatu du Pascualek. "Bada, Jesus Vicentek erantzun zidalako harritu nintzen, baina are harrigarriagoa izan zen berak egindako gonbidapena: prest zegoen Teodoroz zituen agiriak eta ezagutzak gurekin partekatzeko, eta hori guztia kafe baten bueltan kontatzeko, gainera". Eta hala egin zuten. Orduan jabetu zen Pascual birraitonaren benetako istorioaz.

Hilaren 18n Labrazan Calvo Galileari egindako oroimen ekitaldi batean azaldu du gertatutakoa Pascualek berak, senarra eta bi alabekin Madrildik etorrita, bertan ere Jesus Vicente Aguirre egon delarik. Ekitaldia antolatu duen La Pilastra elkarteak ez du tokia ausaz aukeratu: familiak Vianakoa zela uste zuen arren, Oscar Layana Oiongo zinegotzi eta Labrazako bizilagunak elizbarrutiko artxiboan egindako bilaketa batek berretsi zuen Aguirrek emandako beste datu bat: Calvo Galilea berez herri harresituan jaio zen. Horregatik, Layanak familiarekin kontaktatu zuen 2025eko urtarrilean, eta ekitaldia prestatu du.

Biktima publikoak

La Pilastra elkarteko historialari eta indarkeria politikoan aditu Javier Gomez Calvok eman du hitzaldian beharrezko testuingurua. "Ulertu beharra dago frankismoaren biktimak, hori diren heinean, biktima publiko bihurtzen direla, eta beren memoria publikoa dela, haien ibilbide ideologiko edo aurretiko portaera edozein izan zela ere", ñabartu du memoria eta kultura demokratikoa sustatu nahi dituen elkarteko kideak.

Bilakaera pertsonalari dagokionez, Calvo Galilearen aita, Domingo, herriko praktikantea zen, eta semeak haren urratsak jarraitu nahi izan zituen. Alabaina, patuak bidea moztu zion: 1914ko Eguberri egunean, Domingo mielitisak jota hil zen. 17 urte besterik ez zituela, ikasketak utzi eta familiaren kargu egin behar izan zuen, sei urteko anaia txikia barne.

Erantzukizun hark bultzatu zuen bizartegi lana ogibide hartzera. 1921ean Mercedes Preciadorekin ezkondu zen Vianan, eta familiak bost seme-alaba izan zituen. 1934an negozio propioa ireki zuen Logroñon, garaiko Zurbano kaleko 1. zenbakian. Baina bere jardun politikoa nabarmena izan zen ere: bizarginen ataleko kide nabarmena izan zen, eta Logroñoko Federazioan idazkariorde gisa jardun zuen. 1933ko testuinguru gatazkatsuan, Bigarren Errepublikako matxinada anarkisten garaian, behin baino gehiagotan egon zen espetxean: 1933ko urtarrilean atxilotu zuten lehen aldiz lehergailuak edukitzea egotzita, eta urte bereko abenduan "sedizioagatik". 1936ko uztailean frankistek Beti Jai frontoira eraman zuten, eta ondoren erail zuten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago