Neiker ikerketa zentroak hamasei mahatsondo barietate gutxitu identifikatu ditu Arabako Errioxan, Barietateak Identifikatzeko Programaren bitartez. Proiektu horren bidez, klima aldakortasunaren, izurrien eta gaixotasunen aurrean barietate horiek duten "erresilientzia hobetzeko" helburua dute. Hala, "azken hamarkadetan behatutako homogeneizazio genetikoa gainditu" nahi dutela esan du ikerketa zentroak.
Gaur zabaldu dutenez, uztaileko astearteetan, "topaguneak gaituko" ditu mahastizainek andui zaharrak eta biotipo bakarrak identifikatzen eta kontserbatzen lagundu dezaten. Hala, mahastizainen "andui zaharrak eta biotipo bakarrak" identifikatu nahi dituzte, horietako batzuk erresistenteagoak izango diren esperantzan. Arabako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta EDA Drinks & Wine Campusarekin egiten ari dira egitasmoa.
"Helburua da Arabako Errioxako gure mahastien ondare genetikoa aberasten duten barietateak edo barietate tradizionalen biotipoak ezagutzea eta gordetzea, eta mahastizainei aukera ematea mahasti zaharretako barietate ezezagunak identifikatzeko, haien osasun egoera aztertzeko eta horiek ugaritzeko eta kontserbatzeko modua bilatzeko", esan du Neikerreko ikertzaile Roberto Perez-Parmok.
Azken urteotan bereziki kezka handia dago mildiu onddoak eragiten dituen triskantzekin. Euskal ikerketa zentroak urteak daramatza horren aurreko erresistentziak ikertzen, besteak beste Europak finantzatutako GRAPEBREED4IPM proiektuan, baina, beti ere, irtenbide transgenikoetara jo gabe, horiekin ikertzea debekatuta duelako. Europako Batasunetik kanpoko hainbat herrialdetan, berriz, aurrerapen handiak egin dituzte gaitz horren aurka esku hartze transgenikoa erabiliz. Kasurako, AEBetako Vitisgen3 izeneko ikerketa lerroarekin.