Labraza Erdi Aroan murgiltzear da, forua ospatzeko

Juanma Gallego 2026ko uztailaren 8a

Herri harresitua ekitaldiz beteko da larunbatean. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Bost urtean behin egiten den foruaren inguruko Erdi Aroko jaiaren prestakizunetan herri guztia inplikatu dela nabarmendu du Alepo elkarteko kide Roberto Marañonek. 

Antso VII.a Nafarroakoak 1196an forua eman zienetik 800 urte bete zirenean ekin zioten Labrazako herritarrek eskumen hori ospatzeko jai bat egiteari, eta, ordudanik, ospakizunarekin jarraitu dute. Zio beragatik, urtean behin jai xumeago bat egiten dute herrikoentzat, baina bost urtean behin ospakizuna herritik harago zabaldu eta jende guztia gonbidatzen dute. Larunbatean, hilaren 11n, horretarako hitzordua iritsiko da. 
Dena txukun atera dadin dagoeneko bi aste daramatzate lanean herritarrak. Jaiaren antolaketaz arduratzen den Alepo elkartean, berriz, duela urte bete inguru prestakizunekin ari dira, egitaraua prestatzen eta beharrezko kontratazioak egiten, elkarte horretako kide Roberto Marañonek azaldu duenez. 

"Herri guztia dekoratzen dugu, eta, horrez gain, ikuskizunak eta Erdi Aroko merkatua antolatzen ditugu egun osoan zehar. Bankuak margotu, frontoirako itzaltze egitura berria prestatu, sastrakak kendu... Herria batzen duen ekimen bat da", azpimarratu du.

Labraza moduko herri txiki batentzat horrelako zerbait antolatzea "ahalegin handia" dela aipatu du Marañonek. "Herri guztiak parte hartzen du. Hamabost egun inguru daramatzagu arratsaldeko zazpietan geratzen auzolana egiteko, herria garbitu eta txukunduz". Gehienbat enpresa baten bitartez bideratzen dute antolaketa, baina enpresak berak ekartzen ez dituen zenbait postu elkartearen bidez lotzen dituzte. "Bazkarirako, adibidez, txerri oso bat kozinatuko digute".

Larunbatean, goizeko hamaika eta erdietan hasiko da festa, kalejira eta pregoiarekin. Goiz osoan zehar espata forjaketa, bataila baten antzezpena, ipuinak, dantzak eta txotxongiloak egongo dira. Herri bazkariaren ostean, bigarren kalejira bat izango dute, katapulten bataila, 'Izurrietako medikuak' izeneko antzerki emanaldia, altxor bilaketa eta, amaieran, su ikuskizuna emango dutelarik. Horrez gain, egunean zehar Erdi Aroko merkatua eta medikuntza eta kirurgia erakusketa izango dituzte herrian.

Ahalegin pertsonalaz gain, horrelako zerbait antolatzea esfortzu ekonomiko handia da. "Urtean behin antolatzen dugun jaiarekin alderatuz, aurrekontua ia bider hamalau da", esan du Marañonek. "Inguruko hainbat enpresa txikik laguntza ekonomikoa eman digute, baina finantzatzaile handienak aldundia, batzar administratiboa eta kuadrilla dira", aipatu du, jaian parte hartzeko gonbidapena egin aurretik. "Egun handia izango da, eta, gainera, dagoeneko oso ederra den herri bat are politago jartzen dugu egunotan".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago