"Duintasuna ereiten jarraitzeko" deia egin dute Eltziegon

Juanma Gallego 2026ko ekainaren 15a

Senideek irakurketa kolektiboa egin dute, olibondoa landatu aurretik. Argazkia: LA PILASTRA

Biktimen omenez, memoriaren olibondoa'landatu dute herrian. "Gorrotoa zein autoritarismoa hutsaltzearen arriskuaz" ohartarazi du La Pilastrak. 

1936ko Estatu kolpearen ondorioz Eltziegon eraildako lagunen omenez Memoriaren olibondoa landatu dute Eltziegon senideek eta La Pilastra elkarteko kideek. 

Horren aurretik, eraildako pertsonen familietako senideek irakurketa kolektibo bat egin dute frontoiaren alboko parkean, eta bertan ozen irakurri dituzte 1936ko Estatu kolpearen ondorioz hildako hamar lagunen izenak. Horiez gain, gogoan izan dituzte Eltziegon eraildako beste hainbat lagun, Aldeanueva de Ebro, Calahorra, Haro, Cenicero —Errioxan— eta Guardia herrietakoak. Ondoren, lore eskaintza egin dute herriko hilerrian.

Arlo instituzionaletik, besteak beste, Itziar Gonzalo diputatu nagusi ordea, Juan Carlos Uribe Eltziegoko alkatea, Txema Elvira Arabako Kuadrillako presidentea, Javier Hurtado Arabako PSEko idazkari nagusia eta Jose Damian Garcia-Moreno Elkarrekin Araba taldeko batzarkidea egon dira omenaldian.

La Pilastra elkarteak ohar batean azaldu duenez, omenaldiarekin "kendutako duintasuna berrezarri eta etorkizuneko belaunaldiei memoriaren, bizikidetzaren eta errespetuaren balioa helarazi" nahi izan diete. Araban biktimen memoria berreskuratzeko eta "balio demokratikoak bizikidetzaren oinarri gisa" sustatu aldera lan egiteko sortu dute elkartea. Azaldu dutenez, elkartearen izenak La Pilastran du oinarri, Zanbranako eremu horretan hogeita hamar pertsona inguru hil baitzituzten Estatu kolpearen aldekoek. 

"Bilatzen eta ikertzen jarraitu behar da, oraindik lurpean daudenen oroimena berrezartzeko", aurreratu du elkarteak.  "Oraindik ere badira izenak berreskuratzeko eta gorpuzkiak lurpetik ateratzeko", adierazi dute. Horrez gain, "kultura demokratikoa" sustatzeko deia egin dute. "Gorrotoaren zein autoritarismoa hutsaltzearen zein indarkeria justifikatzearen diskurtsoen aurrean" memoria "ezinbesteko tresnatzat" jo dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago