Hasi dituzte jada ardoaren museoa eraikitzeko lanak Eltziegon, eta 2028ko lehen hiruhilekoan inauguratzea aurreikusten dute. Vital Fundazioko presidente Jon Urrestik iragarri duenez, guztira 12,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute: 1,8 milioi euro zentroa paratuko duten upategia erosteko eta 10,4 milioi euro espazioa eraberritzeko. Lanen helburua da antzinako eraikina enoturismoaren, kulturaren eta inguruko ondarearen erreferente bihurtzea.
Zentro berriak 11.000 metro koadroko eremua izango du, eta horietatik 5.200 erakusketetarako eta murgiltze esperientziatarako bideratuko dira, "ardoaren dimentsio kultural, historiko eta zientifikoa modu dibertigarrian zabaltzeko". Bisitariak gaikako hainbat solairutan antolatutako ibilbide bat egin ahal izango du: beheko solairuan harrera eta tailerrak egongo dira; lehenengoan, ardoaren eta mahastizaintzako paisaiaren jatorri historikoa; bigarrenean eta hirugarrenean, mahats barietateak, hartzidura prozesuak eta proiekzio inguratzaileak; eta laugarrenean, berriz, gastronomiarekiko lotura aztertuko da mahai interaktiboen bidez. Horrez gain, kanpoko espazioetan paisaia interpretatzeko begiratoki bat egongo da.
Esperientzia osatzeko, zentroak dastaketa guneak, upategientzako showroom bat, mapa interaktibo bat, ardo saltoki bat eta denda espezializatu bat eskainiko ditu, bisitarien eta tokiko ekoizleen arteko harremana estutzeko. "Proiektu honekin, Arabako Errioxak Europako ardogintza eskualde handienen artean duen kokapena indartu nahi da, kultura, turismo eta ekonomia erakartzeko gune indartsu bat sortuz", azaldu du Urrestik.