Arau hausteak argudiatuta, Labrazako eolikoen lanak gelditzeko eskatu dute

Jon Hidalgo 2026ko maiatzaren 27a

Labrazako eolikoen lanetan aktibistek egindako ekintza. Argazkia: Araba Bizirik.

Aixeindar enpresa Labrazako parke eolikoaren obrak baimenik gabe eta kontserbazio bereziko eremu batean egiten ari dela salatu dute. Arabako Mendiak Askek bi espediente zigortzaile eskatu ditu, eta ingurumen kalte larriez ohartarazi.

Arabako Mendiak Aske elkarteak salatu du Aixeindar SA elkarte publiko-pribatuak ingurumen araudia "behin eta berriz" urratu duela Labrazako zentral eolikoaren eraikuntzan. Ohartarazi dutenez, lanak kontserbazio bereziko eremu batean hasi dira, beharrezko administrazio baimenik gabe, eta horrek arrisku zuzena sortu du miru gorria eta bisoi europarra bezalako espezie mehatxatuentzat.

Elkarteak ohartarazi du obrek oztopo ugari izan dituztela azken hilabeteetan, tartean aktibisten ekintzak eta administrazioek eskatutako geldialdi partzialak. Hala ere, adierazi dute "presaz jarraitzen duela" Iberdrola eta Energiaren Euskal Erakundeak osatutako Aixeindar enpresak, eta presio horrek areagotu egin duela ingurune naturalaren kalteberatasuna. Kanpezun eraikitako plataforma ere salatu dute, "ingurumenik sentikorrenean" kokatuta dagoelakoan, eta baimen prozedura egokirik gabe.

Horren aurrean, Arabako Foru Aldundiari eskatu diote bi espediente zigortzaile irekitzeko. Bata, kontserbazio bereziko eremuan lanak egiteagatik; bestea, Labrazako herriaren jabetzako mendi publikoan bideak eraiki eta zabaltzeagatik, jabeen baimenik gabe. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu dute, proiektua "presaka eta gardentasun faltaz" bultzatzen ari delakoan.

Elkarte ekologistak lanak berehala eteteko eskatu du, ingurumen babesa bermatu arte. Proiektuak, gainera, bi auzi administratibo ditu zabalik EAEko Auzitegi Nagusian, eta 59 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, Euskadin 2006tik martxan jarriko den lehen parke eolikoa izateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago