Labrazako negozioan parte hartzeko aukera zabaldu du Aixeindarrek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 19a

Labrazako parke eolikoaren lanak hasi dira. Argazkia: IREKIA

Araban erroldatutakoentzat "inbertsio aukera esklusiboa" agindu du enpresak, eta %7ra arteko urteko errentagarritasuna izango duela ziurtatu du

Fundeen equity crowdfunding plataformaren bitartez, Labrazako parke eolikoaren inbertsioan parte hartzeko aukera zabaldu du Aixeindar enpresa publiko-pribatuak. Araban erroldatuta daudenei zuzenduta dago kanpaina eta 1.000 eurotik 100.000 eurora bitarteko inbertsioagatik %7ra arteko urteko errentagarritasuna agintzen du enpresak.

Partikularrei energia berriztagarriko proiektuetan kantitate txikietatik inbertitzeko aukera ematen dien plataforma da Fundeen. Labrazako parke eolikoaren kasuan, gehieneko finantzaketa helburua 3.000.000 eurokoa dela adierazi dute, eta pertsona bakoitzeko 1.000 eurotik 100.000 eurora bitarteko inbertsioa ezarri dute.

Inbertsioa hiru urterako bermatutako mailegu bat da, urteko %7ko interes tasa finkoarekin eta interesen hileko ordainketarekin. Printzipalaren guztizko amortizazioa mugaegunera arte gertatzen da. Maileguaren amaieran lortu nahi den irabazien edo mozkinen ehuneko osoa % 21,31koa da, eta arrisku maila txikiko produktua da.

Araban erroldatuentzat

Inbertsioan parte hartu dezakete bakarrik 2026ko urtarrilaren 1a baino lehenago Araban erroldatutako pertsona fisikoek, eta lehentasunezko lau talde ezarri dira, geografikoki proiektutik gertuen dauden herrien arabera: Lehen taldean Labraza eta Gorrebustoko bizilagunak daude; bigarrenean Oiongoak; hirugarren taldean, Arabako Errioxako Kuadrillako gainerako udalerriak; eta azkenik Arabako gainerako bizilagunak kontuan hartuko dira.

Proiektua bi fasetan garatuko da. Maiatzaren 18tik aurrera inbertitu nahi den zenbatekoa erreserbatu daiteke, eta ekainaren 1ean irekiko da finantzazioa egiteko aldia. Erreserba egin duten erabiltzaileek lehentasuna izango dute.

Batzar informatiboak

Inbertsioaren epea ireki baino lehen, Aixeindarrek eta Energiaren Euskal Erakundeak hiru topaketa  antolatu dituzte Arabako Errioxan proiektua xehetasunez aurkezteko eta zalantzak bertatik bertara argitzeko. Bastidan, maiatzaren 19an, 18:00etan, Kultur Etxean egingo dute; Oionen, maiatzaren 27an, 18:00etan Bazterra aretoan, eta Guaardian, maiatzaren 28, 18:00etan, Villa-Lucian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago