La Hoyako herrixka neolitikoa berrituko du aldundiak, bertako kale eta espazioak nolakoak izan ziren erakusteko esku hartze bat abiatuz. Lizitazioa burutzeko aldundiak eskatu duen memoria teknikoaren arabera, bertako jatorrizko aztarnen kontserbazio egoera "oso kaxkarra" da, eta horrek zaildu egiten du bisitariek aztarnategia "irakurtzeko" duten aukera, Maria Arantzazu Satrustegui, Conrado Capilla ete Iker Ordoño arkitektoek ohartarazi dutenez.
Esku hartzeak helburu bikoitza izango du: kontserbazioa bermatzea eta bisitarien esperientzia hobetzea. Lehen fasean, trama urbanoaren berreskuratzea egingo dute, herriaren kale eta etxeen antolaketa argi irakurtzeko moduan utzi asmoz. Espaloiak berregin eta sendotuko dituzte, jatorrizko trazadura berreskuratuz. Landaredia era kontrolatuko dute, egungo egoera mantenduz baina puntu bereziak ikusaraziz: pasabideak edo gurdien gurpilen markak, esaterako. Etxebizitzen horma perimetrikoak berreraikiko dituzte ere, aztarnategiko harri berarekin eta kare morteroz babestuta.
Behin lehen fase hau gauzatzen dutela, etorkizunari begira adituek bisita esperientzia eraldatuko duten bi proposamen nagusi egin dituzte. Batetik, eraikinen altuerak irudikatuko dituzten egitura arinak proposatu dituzte, altzairuzko marko arinen bidez. Bestetik, eta bertan gertatu zen sarraskia azaldu nahian, erasoaren eguna bizi zuten pertsonak gogoraraziko dituzten elementu abstraktuak jartzea proposatu dute.
Izan ere, La Hoyan egindako indusketa arkeologikoek agerian utzi zuten herria eraso bortitz batean suntsitu zutela, eta, hortaz, memoriak proposatu du gertakari hori "errespetuz eta tentuz" bisita ibilbidean txertatzea. Horretarako, figura geometriko txikiak —esferak, poliedroak, hormigoi leundua— jarriko lirateke, giza eta animalia aztarnak agertu ziren puntuetan.