52 urteko gizonezko bat hil da gaur goizean N-124 errepidean, Guardia pasata eta Gasteizko noranzkoan gidatzen ari zen furgoneta errepidetik atera eta bidearen ondoko areka batera amildu denean, La Hoya errekatxoaren parean.
Goizeko hamaikak aldera jazo da ezbeharra, 62,9 kilometroan. Bertaratu diren larrialdi zerbitzuek ezin izan dute larriki zaurituta geratu den gizonezkoaren bizitza salbatu, eta azkenean hil egin da. Ezbeharraren nondik-norakoak argitzeko izapideak abiatu ditu Ertzaintzak.