'Sionistak kanpora' lelopean protesta egin dute Samaniegon

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 11

Macan upategian protesta egin dute. Argazkia: GLOBAL SUMUD-EH

Rothschild familiak mugimendu sionistarekin eta Israelgo Estatuaren sorrerarekin izan dituen "harreman historikoak" salatu dituzte Global Sumud Flotillako ekintzaileek.

Global Sumud Flotillako ekintzaileek protesta egin dute asteburuan Samaniegoko jauregian eta Macan upategian, Sionistak kanpora lelopean.

Palestinarren aldeko ekintzaileek salatu dute bi eraikin horiek Rothschild familiarenak direla eta familia horrek "harreman historikoak" izan dituela mugimendu sionistarekin eta Israelgo Estatuaren sorrerarekin. Hala, adierazi dute ez dutela nahi "estatu genozida bati laguntzen dion enpresa edo familia sionistarik Euskal Herrian".

Samaniego jauregiaren aurrean bildu dira hasieran ekintzaileak, eta ondoren Macan upategira joan dira. Ertzaintzak protestan parte hartu duten lagunak identifikatu ditu. Plataformak gogoratu duenez, Euskal Herrian egin duten bosgarren ekintza da.

Iragan apirilaren 30ean Israelek flotilla geldiarazi zuen, eta 177 ekintzaile atxilotu. Saif Abukeshek eta Thiago Avila izan dira aske geratzen azkenak: Israelek igandean goizaldean deportatu ditu. "Saif eta Thiago askatu dituzte, baina 9.000 bahituetatik azkena askatu arte jarraituko dugu", azpimarratu dute Samaniegon bildutakoek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago