Arabar errioxarrek Martxoak 8ko ekitaldi sorta nagusia gaur goizean egin dute Moredan. Herri horretan urtean behin Judas epaitu ohi dutenez, oraingoan, "historia ofizial eta androzentrikoa" epaitu eta "erruduntzat jo" dute bertan bildutako lagunek, "begirada baztertzaile batez idatzia izan delako, emakumeak ezabatuz, ikusezin bihurtuz eta isilaraziz". Epai horretan, emakumeek argi utzi nahi izan dute desberdintasunaren aurrean "neutraltasuna ez dela aukera bat, ezta indarkeriaren aurrean ere". Hori dela eta, ohartarazi dute lorpen feministetan ez dutela onartuko "atzerapauso bakar bat ere".
Besteak beste, ibilaldi bat egin dute herrigunetik gertu dagoen ur jauzi txiki batera, baina horren aurretik kafea eta oliba olioaz igurtzitako ogi txigortuarekin indarrak hartu dituzte. Ondoren, eskualdeko emakume talde batek historiako emakume aitzindarien gaineko antzezlana taularatu du, arrakasta handiz. Ondoren, manifestu bat irakurri eta gero, herri bazkaria egin dute.