Mahastiak kentzeko aukera mahai gainean jarri du Lakuak

Juanma Gallego 2026ko otsailaren 27a

Jaurlaritzak dio egoera ez dela konpontzen "urteko adabaki hutsekin". Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Nekazaritza Sailak esan du sektorearekin aukera horretaz hitz egiteari ekin diola, "ekoizpen gaitasuna merkatuaren errealitatera egokitzeko". Momentuz, mahatsa botatzeko bi milioi euro bideratuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza Sailak gaur iragarri du ardogintzaren sektorearekin mahastiak kentzeko eztabaidari heldu diola, azken urteotan martxan jarri diren hainbat "tresna koiunturalek" ez baitute lortu "sektorearen oreka estrukturala". Hots, ardo ekoizpen handia eta prezio baxuak dauden honetan, Jaurlaritzak mahai gainean jarri du aspalditik Arabako Errioxan dagoen kezka nagusi bat: merkatuak ez du xurgatzen hainbesteko ekoizpena.

Sailak dio orain Europa mailako araudian egindako aldaketa batek —Nekazaritza Politika Bateratuaren barruan den Ardoaren Sektoreko Esku-hartze izenekoa— aitortzen duela sektorea "egoera estruktural konplexuan" dagoela batasun osoan, ardo kontsumo gutxiagoarekin, soberakinekin, prezio baxuagoekin, eta klima aldaketaren ondorio "gero eta handiagoekin". 

Amaia Barredo sailburuak eskatu du "arduraz" jokatzeko eta "balio erantsi handieneko mahastiak" babesteko, Arabako Errioxaren etorkizuna "bermatu aldera". Ziurtatu du sailaren planteamendua dela "esku hartze selektibo eta teknikoa" egitea "ekoizpen gaitasuna merkatuaren errealitatera egokitzeko". Sailburuak erantsi du egoera "ez dela konpontzen urteko adabaki hutsekin". Aitzitik, "premiazko neurriak eta erabaki estrategikoak uztartu behar" direla dio, "mahastizainen familientzat diru sarrera duinak eta gure upategientzat egonkortasuna bermatzeko".

Modu berean, azken urteetako bideari jarraiki, Jaurlaritzak iragarri du bi milioi euroko krisi laguntza aktibatuko duela uzta berde izenekorako —oraindik gorritu ez diren mahatsak lurrera botatzeko erabiltzen den eufemismoa—. Diru horrekin 900 eta 1.000 hektarea arteko ekoizpenaren parekoa merkatutik kentzea espero dute. Espainiako Nekazaritza Ministerioak atzo iragarri zuen estatu osorako 15,9 milioi euroko laguntza bideratuko duela estatu osoan uzta berdea egiteko, "mahats gehiegi ez egoteko eta merkatuaren egonkortasuna faboratzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago