Garai bateko zaindari zaharra, azalera

Juanma Gallego 2026ko otsailaren 14a

Guardian egon zen Erdi Aroko gaztelua berreskuratzeko proiektua abiatu dute udalak eta Harresian arkeologia elkarteak. Herriko eskola dagoen tokitik gertu lehen ikerketak egin dituzte, eta aurki laginketa arkeologikoak hasiko dituzte, aurkitzen duten materialaren arabera gazteluari balioa emateko. Bideoa: ANTONIO CADARSO

Ingurune paregabea da gaur egungo Guardia, baina XIX. mendearen amaierara arte are ikusgarriagoa izan zen, ordura arte Erdi Aroko gaztelu garrantzitsua egon zelako. Gaur egun ezinezkoa da hori berreskuratzea, baina azken hilabeteotan abiadura hartu duen aspaldiko egitasmo bati esker, laster egitura zahar horren gaineko ezagutza bederen handituko da, bai aditu direnentzat zein gainerako bisitari edo herritarrentzat. Izan ere, eta Harresian arkeologia elkarteak egindako proposamen batetik abiatuta, Guardiako Udalak 250.000 euro inguruko diru laguntza bat eskuratu du, hiru urtean gazteluaren gaineko ikerketa eta laginketa arkeologikoak egin aldera.

Duela lau urte inguru hasi zen orain gorpuzten ari den hau, Antonio Cadarso guardiarrak herrian egon zen gaztelua 3D formatuan berreraikitzeko proiektua hasi zuenean. Horrelako gauza bat egin ahal izateko, noski, egin behar izan zuen aurrena izan zen Erdi Aroko Guardiari buruzko zein gazteluari berari buruzko dokumentazio historikoan arakatzea. Gazteluaz oso informazio gutxi aurkitu zuen. Gaur egun Victor Tapia eskola dagoen lekuan kokatzen zela zioten, baina ez zekiten zehazki nolakoa zen, ezta zer aztarna geratuko zen ere.

Baina Ander Diez arkitektoa ere gazteluari buruzko gradu amaierako lan bat egiten ari zen une horretan, eta Cadarso lan horren aurkezpenera joan zen. Geroago, dokumentazioan sakontzen beste denbora bat eman zuen. Pablo Cuesta arkitektoaren gradu amaierako lana zein herriko urbanizazioari buruzko beste lan bat ere oso lagungarriak izan zitzaizkion, lana asko erraztu ziolarik. "Pablok laguntza asko eman zidan". Irudiak, planoak eta bideoak egin zituen, eta hori guztia udalari aurkeztu ostean, besteak beste, Abade Dorrean erakusketa bat prestatu zuten. Bestetik, secretosdelaguardia.es webgunean ere paratu du Cadarsok eskuratu eta landu duen informazio asko.

Harresian elkartea

Ondoren, Rebeca Marina arkeologoa proiektura batu zen, bai eta Iterbide arkeologia enpresako Miguel Loza eta Javier Niso adituak ere, guztiak Harresian arkeologia elkartean bilduta, Jose Luis Solaun irakaslearen laguntzarekin. "Hortik aurrera, egitasmoa modu errealistagoan lantzeko moduan egon ginen", gogora ekarri du Cadarsok.

Harresian elkarteko kide Antonio Cadarso eta Ander Diez guardiarrak buru-belarri ari dira proiektuan. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Diezek laburbildu ditu eskuratu duten laguntzaren nondik norakoak: "Jaurlaritzak hiru urtean egiteko ematen duen laguntza izan da, euskal ondare kulturala zabaldu eta balioa emateko. Iazko abendutik lanean ari gara, eta oso pozik gaude, aurkeztutako proiektuaren %100 eman digutelako, eta hori ez da beti horrela gertatzen". Momentuz, lehen fase bat egingo dute, 2027ra arte, baina, dena ondo bidean, asmoa da bigarren fase bat egin ahal izateko beste proiektu bat lantzea aurrerago. "Lanean hasi gara, eta dagoeneko egon gara topografoarekin 3D lehen eskanerrak egiten. Estratigrafia, harresia inguratzen duten altxaera guztien fotogrametria... hori oinarria da geroago erabakiak hartu ahal izateko, eta ezagutu ahal izateko historian eremu horretan egon diren aldaketa guztiak".

Arkitektoak dioenez, induskatu gabe egin ahal izan duten guztia prestatu dute, "beti ere paperaren gainean", baina gero fisikoki esku hartu beharko dute ikusi ahal izateko zein den gazteluaren hondarren kontserbazio egoera, eta zer aldaketa egon diren Erdi Arotik 1874an eraitsi zuten arte. "Gainera, ahaleginduko gara indusketa lanean ari garen bitartean jendeak lan horiek zuzenean ikus ditzan. Gasteizko Santa Marian landu duten Lanetan eta irekita kontzeptu horri eutsita, hain zuzen", gaineratu du.

Gaur egun dagoen oinarri bakarrenetako bat Miguel Ballesterosek herriari buruzko gida batean egin zuen gazteluaren marrazki bat da. "Berak gaztelua ikusi zuen, eta gaur egun marrazkia Guardiako Museoan dago", argitu du Cadarsok. Bertan harresia ikusten da, eta, iparraldean, Omenaldiaren dorre handia, inguruan dituen beste zazpi dorre osagarriekin batera. "Hori aintzat hartuta, agerikoa da ezin dela orain bertan dagoen Victor Tapia ikastetxea kendu eta horren azpian induskatzen hasi. Baina planoak eta orain daukagun informazioa alderatuta, ikusi dugu ziurtasun handiz bertako patio batean dagoela, kanoi bateria bat egon zen tokian".

1874an jeneral karlista batek Gaztelua eraitsi zuen, arerioaren eskura ez uzteko

Cadarsok azaldu du karlistaldietan Alvarez abizeneko jeneral batek agindu zuela gaztelua eraisteko 1874an, gobernuaren tropak herrira sartzen zirenerako ezer ez uzteko, herria interes militarrik gabe utzita. "Azkar txikitu zuten, eta, iritsi zirenean, gobernuaren tropek kanoientzako bateria hori atondu zuten, eta infanteria kuartel bat ere sortu zuten. Baina patioa bera bere horretan geratu zen, eta gaur egun ez da erabiltzen. Hortaz, ikastetxean esku hartu behar izan gabe, sarbidea izan dezakegu hortik".

Diez arkitektoa bertara sartzeko moduak aztertzen ari da, eskolan molestatu behar izan gabe arakatu ahal izateko. "Jantokiaren aldean eta alboan dauden bi eremuetan garai bateko infanteria kuartela egon zen. Erabilera askorik ez ziotenez eman, 1927an Victor Tapiak bertan ikastetxea eraiki zuen. Potentzial handia duen eremu ederra da, eta guztiz utzita dago gaur egun. Aurkituko dugunaren arabera, zona hori agian musealizatu ahalko litzateke, dibulgazioa egin ahal izateko, eta gaur egun publikoari itxita egon den interes turistikoko eremu berri bat izateko", esan du Diazek. Gaur egun eremu horrek ez du sarbide propiorik, eta patiora sartzeko ikastetxetik pasatu behar da, nahitaez. Horregatik pentsatu dute sarbide berria egin dezaketela; hasieran, behin-behinekoa izango da, lan egiteko, baina behin betiko sarbide bat aurreikusten dute ere. "Collado pasealekuak tokia inguratzen du, eta dorre txiki bat dago bertan; horrek ahalbidetuko liguke sarbide kontrol bat jartzea eta interpretazio zentro txiki bat atontzea", irudikatu du arkitektoak. "Bi maila horien arteko pasabidea harresiaren azpitik eraiki beharko litzateke, harresiari berari ez eragiteko. Hori da aukerarik hoberena, ingurua nolabait gehiegi eraldatuko zuen gaineko pasabide bat sortzea baino".

Galdutako distira

Modu batean zein bestean, balioa eman nahi diote gazteluaren hondarrei. "Nafarroaren defentsarako Guardia oso gotorleku garrantzitsua zen", gogora ekarri du Cadarsok. "Liburuek kontatzen digutena gero egiaztatu behar da arkeologiarekin, baina tradizioak dio X. mendearen bueltan Antso Abarka I.ak —eta ez haren ilobak, askotan uste den moduan, Antso II.ak— eraiki zuela". Cadarsok dio datak bat datozela lehen Antsorekin lotzeko, orduan inguruan ari baitzen musulmanen aurkako borrokan, eta Naiara-Iruñeko Erresuma eraikitzen. "Garai horretan eraiki zuen gaztelua. Ez da uste genuen bezain handia, baina garaiko idazkietan aipatzen da inguruko gaztelurik garrantzitsuena zela. Oraingo Abade Dorrea baino garaiagoa zen". Behin musulmanak ingurutik botata, Nafarroaren eta Gaztelaren arteko etengabeko borroka hasi zen. Azkenean, Errege Katolikoen garaian, Gaztelaren eskuetara pasa zen. "20-25 urteko hutsune bat egon zen gero, eta, ondorioz, Fernando Katolikoak erabaki zuen Guardia Arabaren parte izatea".

Ordurako, Guardiak bere zentzu militarra galdu zuen. "Harresian sarbideak egiten hasi ziren, eta bertan etxebizitzak eraikitzen hasi ziren ere", azaldu du Harresian elkarteko kideak. Eraitsi aurreko urteetan ere ibilbide gatazkatsua izan zuen. "Aipatu bezala, Karlistaldietan erabili izan zen azkenekoz gotorleku militar moduan, eta garai horretan izan zen erabateko hondamendia", aipatu du Cadarsok. Lehenik, frantsesak etorri ziren, eta Guardia txikitu zuten. Gero, frantsesak artatzeagatik, guardiarrak gaztigatu zituzten. Harresiaren zati batzuk jaitsaraztea agindu zieten, guardiarrek beraiek ordainduta. Baina behin betiko hondamendia azken karlistaldian izan zen, karlistak aterarazteko gobernuak hiru egunez herria bonbardatzeari ekin zionean, herria txikituz. San Juan elizan eta mendebaldeko harresian ikus daitezke oraindik kanoikada horien arrastoak, baina aurki, zorte pixka batez, agian gaztelua beraren harriak ikusi ahalko dira Guardian.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago