Bastidako Santa Lucia baselizaren inguruan egindako ikerketa arkeologiko batek Erdi Aroko jauregi eta eliza primitibo baten aztarnak azaleratu ditu, eta horrek gune horrek izan zuen garrantzi historikoa handitu du. Donemiliaga Kukulako (Errioxa) monasterioaren eskuetara igaro aurretik, tokiko eliteen eta Nafarroako erregeen "botere gune" izan zela adierazi dute ikertzaileek.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare eta Kultur Paisaietan Ikerketa Taldeak Memorias bajo los viñedos: Arqueología y paisaje histórico en Rioja Alavesa izeneko lanean aztarnategi horretan hamarkada batean egindako lanen berri eman dute. Besteak beste, bertan dokumentatu dute aipatutako jauregia egon zela, bai eta X-XI. mendeetako eliza pribatu bat ere.
Hori ez ezik, gaur egun isolatutako baseliza bat besterik ez dagoen inguru horretan lau milurteko sekuentzia historikoa azaleratu du ikerketak —Kalkolito arotik gaur egunera arte—. Besteak beste, argudiatu dute VII. menden eraikitako terrazak aurkitu dituztela eta horrek "gezurtatzen" duela musulmanen inbasioaren ostean Ebroren harana despopulatuta zegoelako ideia, eta birkonkistaren garaian iparraldetik etorritako kristauek ingurua birpopulatu zutelakoa. "Basamortu demografikoa izan beharrean, VIII. eta IX. mendeetako Torrentejo espazio dinamikoa zen".
Aurkikuntzak "inguru hartako Erdi Aroko boterearen mapa aldatu" duela ziurtatu dute. Are gehiago, liburuaren berri emateko EHUk zabaldutako oharrak dio Arabako Errioxako historia "berridatzi" dutela orain argitaratutako emaitzek.
Ikertzaileak harritu dira bertan historiaurreko mailak aurkitu dituztelako, Neolitoko eta Metalen Aroko populazioak mendilerroko babesleku arrokatsuetan "soilik bizi zirela uste zela" iritzita; ikertzaileen aburuz, haranera hildakoak trikuharrietan lurperatzeko bakarrik jaisten zirela uste zen orain arte.
Halere, duela hainbat urtetik Teresa Fernandez Crespo ikertzailearen analisi isotopikoek demostratu dute hori ez zela hala izan, eta Arabako Errioxako Neolitoan bi komunitate bereizita bizi zirela esateko froga adina daudela.
XVII.-XVIII. mendeetan, berriz, baseliza zeramika lantegi gisa funtzionatu zuela egiaztatu dute. Diotenez, "puntu estrategikoa" izan zen inguruko hiribilduekin izandako "lurralde" gatazketan.
"Publiko zabalarentzat, Arabako Errioxa ardoa, abangoardiako upategiak eta Cantabria Mendilerroaren azpian dauden mahasti amaigabeen sinonimoa da. Baina proiektu arkeologiko honen abiapuntua premisa kritiko bat da: gaur egungo paisaia askotan askoz ere konplexuagoa eta anitzagoa den historia ezkutatzen duen azkenaldiko eraikuntza lana da", laburbildu du ikerketa taldeak.
Ohartarazi dute egungo nekazaritza jarduera —"mahasti modernoen hedapen intentsiboa eta hondoa kentzeko teknikak" aipatu ditu EHUren oharrak— lur azpian dagoen "artxibo historikoa ezabatzen" ari dela, argudio horretan gehiago sakondu ez badute ere. Hortaz, sinetsita daude "beharrezkoa" dela Ardoaren eta Mahastiaren Paisaia Kulturalaren kudeaketaren inguruko "gogoeta berria" egitea.