2026ko Arabako Bertsolari Txapelketaren XVII. edizioa larunbat honetan hasiko da. Oiongo Bazterra aretoan izango da lehen saioa, arratsaldeko 17:30ean, eta sei bertsolarik hartuko dute parte. Sarrerak jada eskuragarri daude bertsosarrerak.eus atarian.
Oiongo saioan hauek izango dira parte hartuko duten bertsolariak: Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz), Felipe Zelaieta Txurruka (Mallabia/Gasteiz), Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuku), Martin Abarrategi Sarrionandia (Aramaio), Sabin Abarrategi Sarrionandia (Aramaio) eta Unai Anda Delika (Ametzaga). Eli Plazaola Zubizarreta arituko da gai-emaile lanetan.
Bertsolariek lehen fasean hamahiru bertso puntuagarri osatu beharko dituzte; binaka, gaia emanda bederatzi bertso osatu beharko dituzte, hiruna zortziko handian, hiruna zortziko txikian eta hiruna hamarreko txikian. Bakarka ere aritu beharko dute, hasierako puntua emanda bina bertso eginez zortziko txikian, eta gaia emanda bina bertso neurri librean.
Txapeldunez betetako saioa
Oionen kantatuko duten bertsolarien aretan hainbat ibilbide nabarmendu daitezke. Txapela defendatzera Aroa Arrizubieta joango da, bera da egungo txapelduna 2024ko txapelketa irabazi ostean. Arabako Eskolarteko txapelduna izan zen Arrizubieta 2016, 2017 eta 2019an. Gainera, bera izan zen lehen arabarra Euskal Herriko Eskolarteko txapelketa irabazten, 2017an.
Iñaki Viñasprek ere jantzi zuen Arabako Bertsolari txapelketako txapela, 2019an, eta hainbatetan kantatu izan du finalean. Bertsozale elkartetik nabarmendu dute 2023ko Arabako Kuadrillartekoa irabazi zuela, Katuko Muñoak taldearekin. Martin Abarrategik ere abestuko du larunbatean; 2021eko Arabako binakako txapelduna izan zen bera, Manex Agirrerekin bikotea osatuta.
Kanporaketak eta finala
Hiru asteburutan jokatuko da lehen kanporaketa, Oionen lehena, eta Laudio eta Izarran izango dira hurrengo bi saioak. Txapelketara sailkatutako hemezortzi bertsolariek hartuko dute parte saio hauetan, eta horietatik hamabi sailkatuko dira finalaurrekoetara. Dulantzin eta Aramaion jokatuko dira finalaurrekoak, eta finalean abestuko duten sei bertsolariak erabakiko dira bertan. Txapelketa martxoaren 28an amaituko da, Gasteizen. Principal antzokia eraberritzeko itxita dagoela eta, Europa Biltzar Jauregiko Almudena Cid aretoan abestuko dute bertsolariek oraingoan.
Aurtengo edizioan hemezortzi bertsolari ariko dira lehen fasean. Multzo hau osatzeko, 2024ko Arabako Txapelketako finalean kantatu eta izena eman duten lau finalistak hartu dituzte lehenik, eta 2025eko udazkeneko sailkapen faseko irabazle eta sailkatuekin itxi da taldea, lehen hamalau sailkatuekin. Txapelketan bederatzi epaile ariko dira, eta 11 gai jartzailek osatutako taldeak prestatuko ditu gaiak; horietatik 5 izango dira saioak eta finala aurkeztuko dituztenak.