Lau urteko haur bat bigarren solairu batetik erori da Oiongo Andra Mari Zuria kaleko etxebizitza batetik, eta zauri larriekin eraman dute Gurutzetako ospitalera (Bizkaia). Ezbeharra atzo eguerdi aldera gertatu da, eta lehen arreta kalean bertan eman diote bertaratutako larrialdi zerbitzuek.
Jasandako zaurien larritasun eta ezaugarriak direla eta, Errioxako osasun zerbitzuko anbulantzia batean eraman dute herriko futbol zelaira, eta bertan Osakidetzaren helikoptero medikalizatu batean sartu eta Bizkaiko ospitale horretara airez eraman dute. Une horretan egiten ari ziren partida bertan behera utzi dute, helikopteroak lurra hartu ahal izateko. Momentuz gertakariaren inguruko hipotesi ofizialik zabaldu ez den arren, pilatzen ari diren informazio gehienak bat datoz ezbeharra istripu baten ondorioa izan daitekeela. Horien arabera, aita etxebizitzan zegoen haurra balkoitik amildu denean, eta ama kanpoan zen, bikotearen beste haurtxo txiki batekin.