Wine Week abiatu da Mexiko Hirian, ardoaren sektoreko profesionalei bideratutako jarduera, eta Arabako Errioxako ardoei harrera bikaina egin diete profesionalek, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Lehen jardunaldietan dastatze espezializatuak egin dituzte, eta Corner Rioja Alavesa berria inauguratu. 100 erreferentzia baino gehiago ezagutarazi dituzte bertan, horietako asko oraindik Mexikoko merkatuan presente ez direnak. 2026an Arabako Errioxa eskualde gonbidatua izango da Mexikoko ardoen eszenan.
Aste hasierako ekintzek sommelier, inportatzaile, komunikatzaile eta gastronomiaren munduko profesional ugari bildu dituzte, eta guztiek nabarmendu dute gero eta interes handiagoa sortzen dutela Mexikoko merkatuan Arabako Errioxako ardoek. Inaugurazioaren aurreko dastatze saioetan, bertaratuek ardo sorta zabala ezagutzeaz gain, lurraldearen filosofia eta nortasuna sakonago ulertzeko aukera izan dute. Aldundiaren esanetan, topaketa horiek baliagarri izan dira upategi arabarrentzat merkataritza aukera berriak zabaltzeko.
Erakusleiho iraunkor bat Mexiko Hirian
Atzoko inaugurazio ekitaldian berrogei gonbidatu inguru bildu ziren, sektoreko profesionalak, prentsa espezializatua eta Wine Bar-eko bezeroak tartean. Noemi Aguirre Nekazaritza diputatuak, ordezkaritzaren buru gisa, espazio berriaren garrantzia azpimarratu zuen: "Arabako Errioxak merkatu estrategiko batean duen presentzia indartzeko eta azken hilabeteetan egindako lana sendotzeko aukera paregabea da".
Corner Rioja Alavesa espazio iraunkor bihurtuko da hemendik aurrera, Mexikoko kontsumitzaileei eskualdeko ardoak modu jarraituan ezagutarazteko eta 2026an zehar sustapen jarduera bereziak garatzeko. Hasiera arrakastatsuaren ostean, Wine Week-ek egitarau zabalarekin jarraituko du datozen egunetan.